Mugaz gaineko kultura lankidetzaren eta euskal kulturaren ospearen azkartzea

Urtez urte, Hego Euskal Herriko instituzio publiko edo elkarte ezberdinekin, Akitania-Berriko kultura egitura batzuekin edo Aquitaine.eus programaren karietara ehundu partaidetza andana horri esker, EKE-ren xedea zera da:

  • Iparraldeko euskal artisten hedapena laguntzea;
  • euskal kulturari ikusgarritasun hobeago bat ematea;
  • trukaketa artistikoak biderkatzea.

EKE ezinbesteko partaide bezala ezagutua da euskal kulturaren inguruko hedapena eta ingeniaritzarako.

Gaurko egunean, Hego Euskal Herriko eta Akitania-Berriko kultura eragileek EKE ezinbesteko partaide bezala daukate euskal kulturaren inguruko hedapena eta ingeniaritzarako.

Iñaki Salvador Sextet Le Rocher de Palmer aretoan Cenon-en (2019) © Nico Pulcrano
Iñaki Salvador Sextet Le Rocher de Palmer aretoan Cenon-en (2019) © Nico Pulcrano
Partaidetzak Hegoaldeko instituzio publikoekin

  • Eusko Jaurlaritza

2004az geroztik, EKE-k urtero hitzarmen bat izenpetzen du Eusko Jaurlaritzarekin. Lan partaidetza horren helburua da Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harremanak indartzea, oroz gainetik ondarea, ikusgarrintza, literatura eta arte bisualen alorretan.

  • Gipuzkoako Foru Aldundia

Iparraldeko artistak eta euskal kulturaren aurpegi ezberdinak hobeki ezagutarazteko asmoz, 2001az geroz, partaidetza Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egiten den Iparraldea Bertan kultura zikloaren (kontzertuak, proiekzioak, ikusgarriak, erakusketak, mintzaldiak…) antolaketari zuzendua da.

  • Donostiako Udala

EKE-ren eta Donostia Kulturaren (Donostiako Herriko Etxearen kultura zerbitzua) arteko partaidetza hitzarmena 2010ean izenpetua izan da. Bi helburu nagusi ditu: sorkuntza proiektu berritzaileak ko-ekoiztea eta Iparraldeko kultura eskaintza sustatzea, Donostiako Udalaren programazioan sarrarazteko.

  • Getxoko Udala

2002. urtean hasi ziren EKE-ren eta Getxoko hiriaren arteko harremanak. Xedea nahiko argia zen hastapenetik: Iparraldeko euskal kulturaren hedatzea Bizkaiko hiri handi batean eta hiri hortako kultura ekimenak ezagutzera ematea Iparraldean. Ekitaldi frango antolatuak dira urtero eta oroz gainetik bi urteetarik Iparra galdu gabe zikloa, non dantza, kantua, musika, literatura eta arte bisualak lehenetsiak diren.

Bestalde, EKE-k partaidetzak garatzen ditu Getxophoto, Nazioarteko Irudi Festibalaren elkartearekin, besteak beste erakusketa edo ekoizpen artistikoen bitartez, edo oraino Andrés Isasi musika eskolarekin.

2016ko Durangoko Azoka © Marion Lastiri (EKE)
2016ko Durangoko Azoka © Marion Lastiri (EKE)

Partaidetza Durangoko Azoka antolatzen duen Gerediaga elkartearekin

Gerediaga elkartearen eta EKE-ren arteko partaidetza 2006an hasi zen. Horri esker, Ipar Euskal Herriko argitaletxeen, disketxeen eta ikus-entzunezko egituren presentzia iraunkorki segurtatua da euskal kulturaren ezinbesteko hitzordua den Durangoko liburu eta disko azokaren denboran (ikus. Ipar Euskal Herriko egiturek Durangoko Azokan laguntzeko programa).

Aquitaine.eus mugaz gaineko lankidetza programa

Aquitaine.eus programa EKE-k eta Etxepare Euskal Institutuak abiarazi zuten 2016an, Akitania-Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearekin partaidetzan. Ipar Euskal Herriko, Euskadiko eta Nafarroako eragileen mugikortasuna eta hedapena sustatzen du eta zabalago, mugaz gaineko lankidetzaren sortzea (ikus. Aquitaine.eus programa).

Partaidetzak Akitania-Berriko kultura egiturekin

Erregularki, EKE-k partaidetza berriak garatzen ditu Akitania-Berriko kultura egiturekin, bi helburu nagusiri erantzuteko:

  • kultura arteko trukaketa proiektuak sortzea edo sostengatzea euskal sorkuntza artistikoa Akitania-Berriko beste kulturekin bateratzeko;
  • euskal kultura beren programazio artistikoan sarraraztea. Horrela, adibidez, 2018an partaidetza hitzarmen bat izenpetua izan da Poitou-Charentes eskualdeko Baserri Egoitzen Eskualdeko Batasunarekin (ikus. Vienne-Euskal Herria: bilketatik sorkuntzara, euskal Etnopoloari buruzko atalean).