Bihotz burdindua

  • Maddi Zubeldia (Ziburu)
  • 2014-05-12

Zure bihotz burdindura utz nazazu sartzen.
Giltza non dago ? Non dago gakoa ?
Hor dago kakoa.

Hotza

Sarrailaren zulo hotza
Nola zinen bada horrenbeste hoztu, bihotza ?

Krisk, krask
klink, klank
Hotsa

Gako hotsa, ate hotsa.
Bat,
bi,
hamaika ate, itsua bakoitza

Itsu eta motz nauzu aurrean, parean
Batera bultza, bestera puxa
Ukabilak odoldu zaizkit ate joka
Kanka !

Zure bihotz metalikora utz nazazu sartzen
Hurbiltzen bederen
Ukitzen ez bada ere, ikusten
Taupadaren bat aditzen utz iezadazu,
arren.

Taupadarik ez

Kirrinka baizik

Tzurrun -tzurrun

Nigandik hain urrun.

Esan, erran, mintza
Aska ezazu hitza
Zein da pasahitza ?

Zein bele karrankarik zaitu hormatu, bihotz ?
Zein musu pozoitsuk  mikaztu ?

Hortxe nauzu, ondoan nauzu
Ate atzean eskean.
Kontatuko dizut ate tartetik

Kontatuko
Nola urtu zen bihotz izoztua
Maitasun hitzak entzunez

Belarrira xuxurlatuko dizut
Harrizko bihoztunaren kantua.
Hurbil zaitez ate xokora, hurbil
Oraindik gehixeago,
pixka bat
oraino.

Zure altzairuzko bihotzera sartzen utz nazazu
Bertarako bidea ez diezadazula hets
Danbadaka
Panpaka
Bide hertsi eta iluna bada ere, ireki.

Arrastaka  natorkizu
Gezi zurrunak zeharkatuz,
Ganibeta zorrotzak saihestuz
Burdinelorriak hatz-mamiez xehatuz
Atezainen  mehatxuzko aginduei gor
Bihotz burdindu gogor
Hortxe , hortxe nator
Zure gogoaren meategiraino
Giltzarrapoa zapartaraztera.

Esan, erran, mintza
Aska ezazu hitza.
Zein da pasahitza ?
Emadazu giltza.