Munduaren zilborra

  • Iñigo Legorburu (Errenteria)
  • 2014-05-06

Doinua: Habanera (Xabier Lete)

1

Hemezortzi aste jada
badira dagoeneko
bilakatu naizenetik
zinez, etxezale peto.
Hainbat urtetan ibili
naiz parrandaren menpeko
baina jada ordua zen
gauzak aldatzen hasteko:
gaur, daramadan bizitza
ta poztasuna tarteko
orain ohea bihurtu
dut tabernaren ordezko...
Nire barruan beharra
badut, batezkoz besteko
atzera begiratuta
aurrerantza egiteko.

2

Parrandan ibiltzea zen
garai bateko ekintza
ta droga bihurtu nuen
zorionerako giltza.
Beste lagunak oraindik
martxa horretan dabiltza
ta galdu dut aldatuko
diren esperantza-printza.
Nire bizitzan ordea,
hau aldaketa bortitza!!
“lasaitasuna” delako
gehien maite dudan hitza.
Nolatan izan ote dut
hain ikuspegi murritza?
hilik pasa dudalako
orain arteko bizitza.

3

Gauez ezagutu arren
mutil adeitsu ugari
nire bihotza azkenik
atxiki zen zureari.
Jon, zurekin pasatako
egunak kontu-kontari
oraindik gordetzen ditut
oroimenean txit garbi.
Beti “ni” batekin hasi
ohi nuen esaldiari
“gu” baten bitartez ekin
nion ordezkatzeari.
Gaur egun oraindik “guk”-a
egin arren bizitzari
zoritxarrez Jon maitea,
orain ez naiz zutaz ari.

4

San Sebastian eguna da
ta kaleko danborrada
etxetik entzun dezaket,
donostiarren gisara.
Beti gustatu izan zait
danbor-hotsen abiada
ta berriro sentitu dut
garai bateko zirrara...
Leihora irten naiz entzun
nahian bertatik bertara
ta sabelean jaso dut
sekulako ostikada!!
Bizitzak opari eder
bat gordetzen zidan, hara:
atzo zilbor soil bat zena
gaur zilborrestea bada.

5

Bakarrik badaramatzat
lau hilabete inguru
hargatik, haurdunaldiak
itxura ona hartu du.
Ama izatear dauden
neskatxekin buruz-buru
ikastaroz ikastaro,
prestakuntzan dihardugu.
Egozentrismoan bizi
zena pozik ta seguru,
gaur bere barruko dena
eskeintzea du helburu...
Mundua nire egiten
lehen zenbat neke ta gudu
ta orain zu bilakatu
zara, txiki, nire mundu.

6

Hasieran duen orok
omen dauka bukaera
ta, Jon, gure harremana
noizbait hasi zen gainbehera.
Oraindik gauez irtetzen
zinenez droga hartzera
aukeratzera behartu
zintudan: Ni edo bera!
Elkarri garrasika maiz
hastearekin batera
elkarbizitza kontuak
amaitu ziren kolpera...
Azkar egin dugu salto
alde batetik bestera
zeresana izatetik,
zeresana ematera.

7

Nahizta San Sebastian martxa
askotan dudan entzuna
erabat gustukoa dut
danborjoleen jarduna:
Parrandan entzuten nuen
guztiz doinu ezaguna,
bere baitan dakarrena
garai zaharren oihartzuna.
Droga bidaide harturik
joan zitzaidan kuttuna
ta umezurtz gelditu da
harekiko maitasuna.
Oraindik faltan botatzen
dut lehengo mutil-laguna
ozenegia delako
etxeko isiltasuna.

8

“Munduaren zilborra naiz”
esaldi hark zekarrena
alde batera utzi dut;
soilik da oroitzapena.
Barruan bizi-bizirik
dakart amatasun-sena;
jada bilatzen hasi naiz
umearentzat izena...
Hiltzen ninduen bizitza
uztea, hori lorpena!
akabo bada tristura
ta drogaren etsipena.
Ama izatean datza
erabakirik onena
droga izango delako
umezurtz gelditzen dena.