Euskal kantutegien argitalpenen kronologia bat

Euskal lurraldeetako abesti eta dantza doinuak biltzen dituzten argitalpenen zerrenda 1826. urtean hasi zen. XIX. mendean zehar erromantizismoak herrialde bakoitzean bere tradizio musikala eraikitzeko iturri melodikoak bilatu zituen.

Jon Bagües © Jakes Larre
Jon Bagües © Jakes Larre
Horrela, pianorako edo kantu eta pianorako doinu harmonizatuen bildumak sortzen dira, areto burgesetan zabaltzen zirenak. Mendearen amaieran, folk-lore diziplinak sistematizatu egin zuen material tradizionalen bilketa modu sistematiko eta zientifikoago batean, eta gure kantutegi nagusiak gauzatzen joan ziren. Ch. Bordes, R. Azkue eta J.A. de Donostia izango dira ordezkari nagusiak.

Kronologia hau Bigarren Mundu Gerraren ondora arte garatzen da, 1946ko bildumekin. Ondorengo argitalpenak, salbuespen garrantzitsuak izan arren, bigarren mailako kantutegiak direla uste da, hau da, beste kantutegi batzuetako doinuak jasotzen dituztenak, Kantuz argitalpena lehen adibideetako bat delarik. Kronologia honek, beraz, "Primariotzat" hartuko liratekeen kantutegiak biltzen ditu, funtsean, doinu tradizionalak lehen aldiz jasotzen dituztenak, baina, datek aurrera egin ahala, aurreko bildumetan jasotako abestiak biltzen dituztenak ere.

Kronologia honetan ez dira sartzen beste bilduma mota bat osatzen duten entzunezko edo bilduma fonografikoak. Baina interes handikoak dira lehen bildumak, hala nola Rudolf Trebitschek,  Viena eta Berlingo Phonogrammarchiv delakoetan egindakoak, bai eta Berlingo (1914-1918) euskal presoen grabazioak ere.

Egilea: Jon Bagües, musikologoa. Eresbil artxibategiko zuzendaria ohia.

Kantutegien kronologia bat (1826-1946)

Kronologia bildumak bildu zituzten egileen inguruan aurkeztea erabaki dugu; hala, fitxa bakar batean aurkeztuko dira biltzaile bakoitzaren argitalpen nagusiak.

  • 1826

    Euskaldun antzina antzinako… soinu gogoangarriak

    1824 urtean argitaratutako Gipuzcoa’ko dantza gongoangarrien kandaira edo historia liburua, Gipuzkoako dantzen deskribapenari eskainitako liburua da.  Euscaldun anciña anciñaco ta are lendabicico etorquien dantza on iritci pozcarri gaitzic gabecoen soñu gogoangarriac beren itz neurtu edo versoaquin (Donostia, 1826) doinuen liburua azaltzen da, Euskal Herriko kantu tradizionalen lehen bilduma gisa onartzen da eta, Juan de Ignacio de Iztueta dantza-maisuak egin zuen. 24 soinu zahar; 9 esku-dantza; beste 6 dantza; beste 9 soinu eta 3 abesti jasotzen ditu bildumak (ikus izandako argitalpenak).

    Urrunago joan
  • 1862

    Colección de Aires Vascongados

    1862. urtetik aurrera Jose Antonio Santesteban-ek Donostian faszikuluka egindako bilduma. 1878an jada 60 argitaratuta zeuden. Guztira 80 melodia ditu, ahots eta pianorako harmonizatuak, bere hastapenetan Parisen Fouquet eta Arouyk inprimatuak. Bilduma hau 1876ko Vienako erakusketan saritua izan zen. Kantu tradizionalez gain, J.M. Iparragirreren abestiak ere badaude.

    Urrunago joan
  • 1869

    14 airs basques, les plus populaires

    Pauen 1869an 50 chants pyrénéens izenburuarekin argitaratutako Pirinioetako kantuen bildumaren laburpena da, Pascal Lamazouk hemen eskaintzen diguna. Abestiak areto erromantikoetan interpretatzeko pentsatuta daude, pianoz lagunduta.

    Harmonizazioen egileak Henri Reber, Adrien Barthe, Delphin Alard, Hector Salomon, Felicien David, Jules Schulhoff, Charles Poisot, Jean-Baptiste Weckerlin eta Thomas D.A. Tellefsen izan ziren.

    Urrunago joan
  • 1869

    Souvenir des Pyrénées

    XX. mendeko saloi erromantikoetan pianoarekin lagunduta abesteko bilduma gisa sortua izan zen, De la Villéhélio andereak egin liburuxka hau.

    Zuberoan bildutako hamabi doinu jasotzen ditu, horietatik bi testurik gabeak. Lehen aldia da Txorinoa kaiolan, Goizian goizik, edo Alhargunsa erromantzea bezalako hain abesti garrantzitsuak idatzita agertzen direla.

    Urrunago joan
  • 1870

    Chants populaires du Pays Basque

    1870ean Baionan Lamaignère alargunaren inprimategian lehen aldiz argitaratu zen Jean Dominique Julien Sallaberry-ren kantutegi hau. Bi ediziotan aurkeztu zen, 215 eta 415 orrialdeekin, azken honek frantsesezko testuaren bertsioa zuelarik ere. Berrogeita hamar doinu ditu, horietako batzuk kantu eta pianorako harmonizatuak eta beste batzuk hiru ahots berdinetarako. Kantutegiaren edukia hainbat harmonizaziotan zabaldu zuen Aita Donostiak, besteak beste.

    Urrunago joan
  • 1877-80

    Cancionero Vasco

    Azpitituluak dioen bezala, "Bilduman jasotzeko euskarazko poesiak, sailetan ordenatuta, eta gaztelerazko itzulpenekin, iritzi kritikoekin, egileen albiste biografikoekin eta behaketa filologiko eta gramatikalekin lagunduta" da Jose Manterolaren bilduma hau. Donostian argitaratu zen hiru liburukitan eta hamabi abestiren doinuak jasotzen ditu, besteen artean J. M. Iparraguirre edo J. J. Santesteban bezalako egileenak.

    Urrunago joan
  • 1883

    Le Folk-Lore du Pays Basque

    Julien Vinson-en bilduma hau Parisen argitaratu zuten G.P. Maisonneuve & Larose editoreek 1883 urtean. 24 abesti biltzen ditu, abesti politikoak, maitasun kantak, abesti satiriko eta umoretsuak eta sehaska kantetan sailkaturik, bakoitzaren lehen estrofa euskaraz eta estrofa guztiak frantsesera itzuliak.

    Urrunago joan
  • 1891-1899

    Archives de la tradition basque

    Frantziako Hezkuntza Publikoaren Ministerioak Charles Bordes musikagileari 1889 eta 1890 urteetan Euskal Herriko abestiak biltzeko ikerketa-misioa agindu zion. Bere ikerketaren ondorioz, Bordesek Archives de la tradition basque, Euskal tradizioaren artxiboak bilduma sortu zuen, bere uztaren fruitua argitaratzeko. Horrela, pixkanaka, konpilazio desberdinak argitaratu zituen.

     

    Urrunago joan
  • 1892

    Hazparneko Kalbarioa eta kantika eskuarak beren aireekin

    Jean-Pierre Arbelbideren bilduma hau Baionan argitaratu zuen L. Daserre inprimatzaileak 1892 urtean. 82 abesti erlijioso bildu zituen, honako sail hauetan banatuta: “Kantikak Kurutzearen ohoretan”; “Misioetako kantikak”; “Lehen komunioneko”; “Sakramendu Sainduarentzat”; “Bihotz-Sakratuaren ohoretan”; “Ama-Birjinari ohoretan”; “Besta berezi batzuetan”. Notazio musikala kantu gregorianoaren tipografian inprimatuta dago.

    Urrunago joan
  • 1893-1895

    Ecos de Vasconia

    José María Echeverría Urruzola eta Juan Guimón-en bilduma hau Díaz & Cia. argitaletxeak 100 faszikulutan argitaratu zuen Donostian, eta lau liburukitan bildu zen, bakoitza kanturako eta pianorako moldatutako 25 piezarekin. Bildumaren helburua, egileek beraiek adierazi bezala, "Euskal Herriko musika tipikoa eta bereizgarria kontserbatzea" izan zen. Besteak beste, M. Letemendia, J. Mª Echeverria, J. Mª Iparraguirre, M. Cendoya, R. Sarriegui, C. Buenechea, F. Gorriti, F. Furundarena, R. Garmendia, B. Soroa, J. Gogorza, A. Peña y Goñi, A. Trabadelo, I. Tabuyo, J. Aguirre, S. Muguerza, J. Peña y Goñi, A. de Larrocha, F. Barech, J. Mª Usandizaga eta E. Mocoroa bezalako egileen lan originalak eta doinu tradizionalak biltzen ditu. Sendoa argitaletxeak faksimilean berrargitaratu zuen bilduma 1982an, Lino Akesoloren hitzaurrearekin.

    Urrunago joan
  • 1897

    Colección de cantos vizcaínos

    Bartolome Ertzillaren bilduma hau 1897an eta 1988an argitaratu zuen Bilboko Dotesio argitaletxeak 6 koadernoetan. 35 kantu ditu, 37 benez, zenbaki berberarekin hiru "Durangoko Platero ospetsuen Gabonetako kantak" baitaude. Abesti guztiak pianoarekin laguntzarekin abesteko editatuta daude, pianorako bakarrik den pieza bat eta duo abestia duen beste bat izan ezik. Abestietako hamahiruk zortziko erritmoa dute. Bilduma Durangoko Arte eta Historia Museoak faksimilean berrargitaratu zuen 1988an, Jose Antonio Arana-Martijaren sarrerarekin.

    Urrunago joan
  • 1901-1935

    Resurrección Maria de Azkue

    XIX. mendeko azken hamarkadan, Resurrección Mª de Azkue abadeak ahozko tradizioko abestiak biltzen hasi zen euskal geografia osoan zehar. Berak sortutako Euskalzale aldizkarian horietako batzuen harmonizazioak argitaratu zituen. 1901 urtean argitaratu zuen bere lehen obra musikografikoa, 14 adibide musikalekin. 1912an ahozko tradizioko doinuak biltzeko musika-lehiaketa baten oinarriak argitaratu ziren. R.M. Azkuek 1913an "Vox Populi" lemapeko lau liburukietako bilduma aurkeztu zuen, lehiaketan lehen saria lortuz. 1921 eta 1925 artean bildumaren bi edizio ezberdin argitaratu ziren, batak kantuak piano akonpainamenduarekin biltzen zituen, eta besteak, melodia soilak testuarekin. Urte batzuk aurrerago, 1935-1947 bitartean, Azkuek Euskalerriaren Yakintza bere ikerketa handia argitaratu zuen.

    Urrunago joan
  • 1906

    Eskualdun Eliza-kantuak: Cantiques en usage dans le Pays Basque

    Sébastien Hiriart bildumagileak, Eskualdun Eliza-kantuak: Cantiques en usage dans le Pays Basque lana Baionan argitaratu zuen 1906an. Organorako edo harmoniorako moldatutako 200 melodia ditu, ia guztiak ipar Pirinioetako musika tradizioko kantu erlijiosoak. Egileak berak sarreran adierazten duen bezala, doinuek hiru jatorri dituzte: Euskal tradizioarena, Frantziako beste kantutegi erlijioso batzuena eta garaian modako kantu erlijiosoek osatutakoa. Kantutegiaren bigarren edizioan, abestien testuak gehitu ziren.

    Urrunago joan
  • 1915-17

    Euzkel Abestijak

    1915 urtean Bilboko Euskal Gazteriaren euskararen batzorde bereziak, Euskaltzale Bazkuna argitaletxearen bitartez euskal abesti herrikoiak argitaratu zituen Euzkadi egunkarian. Bertan, J. Guridik, A. Donostiak (Udalaitz ezizenarekin) eta beste batzuen artean, R.M. de Azkuek moldatutako doinuak (pianoaren laguntzarekin) jasotzen dira. Beranduago, abestien doinuekin hiru koaderno argitaratu zituzten, herri kantutegi gisa.

    Urrunago joan
  • 1921-39

    Gure Herria

    1921 eta 1926 artean, Bordelen argitaratutako Gure Herria aldizkariak musika-gehigarri batzuk argitaratu zituen; Jean Barbier-ek Nehor bezala sinatzen zuenak, eta Christophe Dufau-k jasotako herri abestiak ziren, musika eta testuekin. 1927tik aurrera, Aita Donostiak jarraitu zuen horretan lanean, testuei, abestien bilketari eta edukiari buruzko informazio garrantzitsua gehituz. Guztira 292 euskal herri doinu argitaratu ziren, dagozkien testuekin eta kasu batzuetan pianorako laguntzarekin. 1923ko harmonizazioak J. A. de Donostia abadeak sinatu zituen.

    Urrunago joan
  • 1921-1994

    Aita Donostia

    XX. mendeko lehen hamarkadan Resurrección Mª de Azkuek eta F. Gascuek emandako hitzaldiek, Jose Antonio de Donostia abadearen folklorearekiko interesa piztu zuten. Euskal Aldundiek 1912an antolatutako ahozko tradizioko doinuak biltzeko musika lehiaketara, 499 abestiz eta 24 doinu instrumentalez osatutako bilduma aurkeztu zuen, "Gure abendaren Eresiak" lelopean. Lanak bigarren saria lortu zuen, lehena R.M. Azkuek aurkeztutakoa izan zen, askoz ere handiagoa. Aita Donostiak euskal doinu tradizionalak biltzen, harmonizatzen eta zabaltzen jarraitu zuen 1956 urtean hil zen arte. 1994ra arte ez zen argitaratu berak bildutako Cancionero Vasco lana, lau liburuki zituenak.

    2016 urtean Vol. X de Obras Completas, Notas de Folklore argitaratu zen.

    Urrunago joan
  • 1928-31

    Rodney Gallop

    Rodney Gallop folklorista ingelesak euskal lurretan egindako bilketa eta ikerketa lanen ondorioz, Baionako Euskal Museoak pianorako hogeita bost euskal kantu harmonizaturen bilduma argitaratu zuen 1928an. Euskal ohiturak eta tradizioak ikertzen jarraitu zuen, eta 1930ean A book of the basques liburua argitaratu zuen, “folk-song”-ari buruzko bi kapitulu dituena. Urtebete geroago, sei euskal kantuz osatutako bilduma bat argitaratu zuen, ahots eta pianorako harmonizatuak.

    Argitarapenak:

    - Vingt-Cinq Chansons Populaires d’Eskual Herria; recueillés et harmonisées par Rodney A. Gallop; Préface du R.P. Donostia, O.M. Cap. Bayonne: Édition du Musée Basque, 1928.

    - A book of the Basques. London MacMillan and Co., 1930 (cap. “Folk-song: Music” con 20 melodías). Gaztelaniazko bertsioa: Los Vascos. Madrid: Castilla, 1948.

    - Six Basque Folksongs. London: Augener Ltd, 1931.

    Urrunago joan
  • 1928-1946

    Ene Hautia

    Florentin Vogelek euskal kantu tradizionalen zenbait bilduma argitaratu zituen Donapaleun 1925 eta 1946 bitartean, besteak beste, Ene hautia 25 abestiko bilduma eta Eskualdun kantikak, 50 kantu erlijiosoren bilduma. Bi argitalpenetan doinua bigarren ahots batek laguntzen du, eta Eskualdun kantikak bilduman akonpainamendu harmonikorako argibideak ematen ditu.

    Argitalpenak:

    - Ene Hautia (Saint-Palais, 1928, 1929)

    - Cantiques Basques (Bordeaux, 1935)

    - Eskualdun kantikak (Saint-Palais, 1936)

    - Gure Kantiak: 10 Chants basques (1944)

    - Danses populaires basques: pour piano (Saint-Palais, 1946)

    Urrunago joan
  • 1930

    Cantares populares

    Manuel Lekuonak Cantares populares artikulua 1930. urtean argitaratu zuen Eusko-Folklore-ren urtekarian. Euskarazko eta gaztelaniazko 174 abestien testuak biltzen ditu, honela multzokatuta: kantu koreografikoak, sehaska-kantak, haurrak dantzatzeko abestiak, haurren festetakoak, didaktikoak, haur-jolasak, jaietakoak, isekak, kanpaien hizkuntza eta ipuinak, elezaharrak, alegiak. Argitalpen hau 75 doinutako eranskinarekin osatzen da.

    Urrunago joan
  • 1942-1946

    Kantuz

    Piarres Lafittek eta Paul Etchemendyk Euskal Herrian hedatuen dagoen dibulgaziozko liburuaren lehen edizioa argitaratu zuten 1942an: Kantuz: Recueil de 120 chansons populaires basques. Hasiera batean, soilik testuen kantutegi bezala argitaratu bazen ere, urte gutxira, doinuak ere biltzen zituen bigarren edizio bat argitaratu zen, P. Choribiten diseinu eta ilustrazioekin. Doinuak bederatzi taldetan multzokatzen ditu: Herriaren alde; Soldadu kantuak; Etchea eta lurra; Itsas-kantuak; Kantu-hunkigarriak; Amodiozko kantuak; Arno-kantuak; Alegiak; Irri-kantuak.

    1944 urtean Kantuz aldizkariaren Errepikan (Baiona: Le Livre) osagarria argitaratu zuten, beste 100 abestien testuekin. Doinuekin bigarren edizio bat egiteko egitasmoa bazegoen ere, dirudienez, ez zuen argirik ikusi.

    Argitalpenak:

    - Kantuz (Baiona: Le Livre, 1942)[testuen edizioa]

    - Kantuz (Baiona: Ed. Eskual Herria, c. 1946)[doinu eta testuen edizioa]

    - Kantuz (Donostia: Elkar, 1980 (1. arg.) … 2000 (6. arg.))

    Urrunago joan
  • 1946

    Kantikak

    1946 urtean Gabriel Lerchundi monje beneditarrak, Kantikak: Cantiques basques Anciens et Modernes, eliza-kantuen bilduma argitaratu zuen. Erabilgarritasun praktikoa du eta 371 doinu biltzen ditu testu guztiekin. Eduki erlijiosoaren arabera daude antolatuak: Vie chrétienne; Eucharistie; Sacré-Choeur et Christ-Roi; Sainte Vierge; Cycle liturgique; Cantiques en l'honneur de quelques saints; Cantiques de circonstances. Hogeita hamar bat herritan bildutako doinuez gain, aurretik argitaratutako kantu erlijiosoen doinuak ere biltzen ditu.

    Urrunago joan