Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Ondarea Ondare inmateriala Iparraldeko ahozko artxibo zaharrak

Iparraldeko ahozko artxibo zaharrak

Pirineo-Atlantikoetako departamenduak, artxibo soinudun eta ikus-entzun zaharren begiratze eta balorazio programa baitan, Euskal kultur erakundeari emana dio Ipar Euskal Herriko lurraldeari loturik dauden artxiboen tratamendu lana.

Badu orai urte andana bat tokiko irratiek, elkarteek eta pertsona pribatuek ahozko artxiboak ekoizten dituztela eta biltzen. Interes handiko ondarea euskal kulturaren transmisioan: kantu, musika, euskal antzerki, ipuin, bertsu, lekukotasun, etabar.

Baina badakigu desagertzeko irrisku gorrian daudela, hauen salbatzeko neurririk ez bada hartzen. Zorionez gaurregun, teknologia berriek eta bereziki numerizazioak, artxibo soinudunen euskarrien kontserbazioa eta balorapena ahalegiten dute modu iraunkorrago batean.

Oharra: Frantziak numerizazio plan bat abiatu du 1996an, bere jabegoan dauden irudi eta soinu fondoen numerizatzeko, 2000az geroz hedatu duena eskualdeko kolektibitateko, bai eta kultur eta zientzia elkarteen fondoei.

Artxiboen inbentarioa

Ezinbestekoa zitzaion Pirineo-Atlantikoetako departamenduari bere lurraldeko fondoen ezagutzea.

Horretarako, 2009an, Euskal kultur erakundeari eskatu dio Ipar Euskal Herriko ahozko artxiboen zerrenda egitea (elkarte, irrati, pertsona pribatuenak), Biarno eskualdean InOc-ek egin behar izan duen bezala.

Orotara 20.000 ordu inguru zenbatu dira departamenduan, horietarik 12.000 Ipar Euskal Herriko eremuan.

Begiratze eta balorazio programa

Programa horren baitan, Departamenduak numerizazioa eta hedapena bere gain hartu ditu, Euskal kultur erakundeari manatuz Ipar Euskal Herriko fondoen tratamendu lana, hots deskribapen artxibistikoa eta indexazioa, datubaseak sortuz.
Departamenduak lehen fondoen numerizazioa 2011n abiatu du. Ondoko urtean beraz, EKEk tratamendu misioa hasi du, departamenduko artxibo zerbitzuaren arauak eta aholkuak segituz. Huna orduz geroztik EKEk tratatu dituen fondoen zerrenda:
  • 2012an: Belokeko monastegiaren fondoa (publikatuak ez diren 20 ordu) 2013ko azaroan argitaratua izan dena, eta Irulegiko irratiaren fondotik 450 ordu.
  • 2013an: Irulegiko irratiaren segida (orotara 880 ordu numerizatuak eta tratatuak izan dira); Ikerzaleak elkartearen fondoa Mauleko espartingintzaz eta espainol imigrazioaz (20 ordu inguru).
  • 2014an eta 2015an: Filipe Oyhambururen artxibo soinudunak eta ikusentzunezkoak (250 ordu).
  • 2016an: Morton Levine antropologo amerikanoaren artxiboak (7 ordu), Gure Irratia-Entzun Ikus elkartearenak (17 ordu), Donapaleuko Berrogain fondoa (8 ordu eta erdi).
  • 2017an: Donapaleuko Guélot aita-semeen artxiboak (50 ordu eta erdi), Jean-Michel Guilcher etnologoaren artxibo soinudunak Euskal Herriari buruz (eskuizkribuen numerizazioaren beha tratamendua bururatzeko).
  • 2018an: Mikel Erramouspéren artxibo soinudunak (102 ordu).

Gehiago jakin: Maite Deliart (EKE)

Denentzat eskuragarri

Fondoen jabeek departamenduko artxibo zerbitzuari baimena eman die ale numerikoaren zabaltzeko, kopien edo erreprodukzioen egitea aldiz beraien oniritziaren pean egongo delarik.

Beraz, numerizatuak eta tratatuak diren ahozko artxiboak Baionako artxibategian eta Paueko artxibo zerbitzuan kontsultagarri dira, EKEren lana baieztatu eta komunikatu ondoan. Fondoen errepertorio numerikoak sarean dira earchives.le64.fr gunean (ikus "Sommaire des fonds" deitu atalean).

Baionako eta Euskal Herriko artxibategia

2010an idekia, Baionako artxibategiak, Euskal Herriko artxiboen bilketa, begiratzea eta balorazioa du helburu.

Le Pôle d'Archives de Bayonne et du Pays basque

Publikoak oraidanik dokumentu paregabeak kontsultatzen ahal ditu, numerizazioari esker errexturik dagona. Bestalde, www.archives.le64.fr bere ataritik, departamenduko artxibo zerbitzuak fondo ainitzen errepertorio numerikoak sarean jarriak ditu e-archives gunean.