XIX. mendeko pizkundea

Euskal literatura eta kulturak laguntza berriak aurkitzen dituzte : kasetak, hala nola Ariel Agustin Chaho xiberotarrak kudeatua; obra etnografikoak, adibidez Francisque Michel-ek frantsesez idatzi liburua eta 1857an argitaratua : Euskal Herria, bere jendetza, bere hizkuntza, bere ohiturak, bere literatura eta bere musika. Plazaratu ziren ere euskal olerki eta kantu bildumak eta Antoine d'Abbadie zientzialari eta euskaltzale suharra izan zen bereziki gure kulturaren mezenas handia. 1853an abiaturik eta kasik berrogeitahamar urtez Euskal Lore Jokoak antolatu zituen.

Horrelaxe, euskararen alderako atxikimendua hedatu zen. Alegia edo fabula idazleak agertu ziren, hala nola Jose-Antonio Uriarte, Jean-Baptiste Archu... Olerkari ospetsuak ere: Pierre Topet Etxahun (1786 - 1862), barkoxtarra, Jose-Maria Iparragirre (1820 - 1881), Gernikako arbola kantu famatuaren egilea eta Jean-Baptiste Elizanburu saratarra (1828 - 1891). Azken honen obra ez da nasaia, baina bere kantuek arrakasta gaitza ukan dute mugaz bi aldeetan (Ikusten duzu goizean etabar...).