Euskal dantza: galderak & erantzunak

Euskal dantzaren inguruan ardura ditugun galderei erantzuten die Oier Araolazak.

  1. Noiz sortu da euskal dantza?
  2. Euskal dantza tradizionala ote da?
  3. Zergatik maite dute dantza euskaldunek?
  4. Fandangoa dea euskaldunen dantza nazionala?
  5. "Aurreskua" dantzaren erranahia zein da?
  6. Noiz eta nork asmatu ditu iparraldeko dantza jauziak?
  7. Egia al da balleta euskal dantzatik sortu zela?
  8. Zein herritan ikusi daitezke euskal dantza adierazgarrienak?
  9. Dantza jantziak: zergatik desberdinak dira probintzia edo eskualdeen arabera?
  10. Mutxikoak denei idekiak ote dira?
  11. Ohiko euskal dantza mutilen dantza ote da ala neskek egiazko toki bat dute?
  12. Badea euskal dantza garaikiderik?
  13. Non ikas dezaket dantzatzen?

 

1. Noiz sortu da euskal dantza?

Grabatua dantzariekin
Grabatua dantzariekin
Dantza historiaurretik gizon-emakumeek erabili izan duten hitzik gabeko komunikazio lengoaia da. Zenbaiten ustez, ahozko hizkuntzaren aurretik ere aritu zitezkeen lehen giza-taldeak dantzan. Euskal dantza, euskaldunek egindako dantza baldin bada, euskaldunak direnetik dantzatua izango da beraz.

2. Euskal dantza tradizionala ote da?

Manuel Txapartegi aurreskularia (1920 aldean - cc-by-sa Indalecio Ojanguren)
Manuel Txapartegi aurreskularia (1920 aldean - cc-by-sa Indalecio Ojanguren)
Tradizionala izateak adierazten du belaunaldiz belaunaldi transmititzen den ezagutza bat dela. Baina horrek ez du esan nahi aldatzen ez denik. Are gehiago, tradiziozko kultur adierazpenak gizartearekin batera aldatzen eta egokitzen joaten dira, eta horri esker irauten dute, eta beraz, aldatzeko gaitasun horri esker dira tradizionalak. Halakoa da euskal dantza tradizionala ere: garai bakoitzeko ezaugarriak jaso eta barneratuta aurkezten dizkigu, eta beraz, euskaldunok, eta oro har europarrek, dantzarako izan ditugun hainbat ohitura desberdinen bilduma da.

3. Zergatik maite dute dantza euskaldunek?

Itsasuko kabalkada (2007 - Oier Araolaza / dantzan.com - CC-BY-SA )
Itsasuko kabalkada (2007 - Oier Araolaza / dantzan.com - CC-BY-SA )
Munduan ez da dantzatzen ez duen herririk. Dantza gizon-emakumeok gorputzaren bidez komunikatzeko eta espresatzeko dugun beharrari ematen diogun erantzuna da. Euskaldunok gogoz atxiki gatzaizkio dantzari eta ez da festarik dantzarik gabe. Baina ez gara horrela aritzen garen bakarrak munduan. Herri gehienetan maitasun handia diote dantzari. Ezeren aurretik, gozamena, plazera delako dantza egitea: eta musika entzutea maite dugun bezala, dantzatzea ere maite dugulako.

Historian, zenbait garaitan, dantza gizarte baten nortasun politikoa finkatu eta aurkezteko modua ere izan da, eta euskaldunok gure burua maiz agertu dugu dantzaren bidez. Horregatik ere maite dugu dantza euskaldunok. Gaur egun, herri eta auzo askok aurkitu dute dantzan beren identitatea sendotu eta bereizia agertzeko bidea.

4. Fandangoa dea euskaldunen dantza nazionala?

Dantza nazionalik behar denik eztabaidatu daiteke, eta garai bakoitzean dantza desberdinak hautatu izan dira dantza nazional izateko, mutil-dantzak, dantzari-dantzak, larrain-dantza, e.a. Baina gaur egun, ez da oso ongi ikusia dantza nazional bat izatea.

Fandangoa
Fandangoa
Fandangoa Euskal Herrira Espainiatik iritsitako dantza da. Bikotean dantzatzen zen nagusiki garai batean, hiruko erritmoan, eta Barroko garaian gizon-emakumeen arteko dantza erotiko eta lizuntzat jo izan zen. Fama horrekin zabaldu zen Euskal Herrira XIX. mendean, eta debeku eta gaitzespenak jaso arren, erakargarri gertatzen zitzaien herritarrei, eta arrakasta handiz hedatu zen. Fandangoa Lapurdin, 1870 inguruan sartu zela dioMiguel Angel Sagasetak. Euskal Herriaren mendebaldean jota izenarekin ezagutzen da gehiago. Normalean jotak, trikitixak bezala, kopla izaten du bere baitan, kantatzen den zati bat, eta horrek bereizten du fandangotik. Baina kopla gabeko jotak arruntak dira eta maiz, batean jota izenarekin ezagutzen dena fandangoa de beste herri batean.

 

5. "Aurreskua" dantza-ren erranahia zein da?

Aurreskua soka-dantzatik eratorritako dantza da. Soka-dantzan aurreskua lehen dantzaria da (aurreko eskua > aurreskua).

Aurreskua (Lastur - Soka-dantza)
Aurreskua (Lastur - Soka-dantza)
Soka-dantzak Euskal Herri osoan dantzatu dira, katean, eskuz-esku. Soka-dantzaren zenbait zati, bakarlariek (aurreskua eta atzeskua) egiten dituztenak, soka-dantzatik askatu, eta hortik bananduta eskaintzen dira gaur egun. Ohitura hau azken 40 urtetan zabaldu da. Aurreskuan egiten diren dantzak soka-dantzan aurreskuak edo atzeskuak egiten dituenak dira beraz: nagusiki agurra edo erreberentzia da, baina Bizkaia eta Araban aurkez-aurke edo desafioa, zortzikoa eta abarketak ere dantzatzen dira "suite" moduan antolatuta. Behin soka-dantzatik askatuta, edozein ekitaldi eta jardueratan erabiltzen da. Omenaldiak, ongi etorriak, sari emateak, inaugurazioak, eta abar. Soka-dantzan aurreskuak sokara gonbidatua izan den neska edo mutilari ongi-etorria eskainiz bere agerraldia egiten dio dantza honen bidez, eta zentzu hori zabaldu da gainontzeko ekitaldi guztietara.
Gehiago jakin: Aurreskua eta soka-dantzak
Ikus ere: Aurresku baten partitura (Jo Maris-ek arramoldatua)

6. Noiz eta nork asmatu ditu iparraldeko dantza jauziak ?

Dantza jauziak Ziburun
Dantza jauziak Ziburun
Ez da ezagutzen nork eta noiz asmatu ote zituen. Miguel Angel Sagasetak idatzi duenez, XVI. mendean dantzatzen ziren dantza-jauziak, eta ziur aski aurreragokoak dira, nahiz eta ezin daitekeen dokumentatu.
Gehiago jakin: Jauzien transmisioaz kantuaren bidez

7. Egia al da balleta euskal dantzatik sortu zela?

Balletaren sorreran hainbat tradizio desberdin bildu ziren, eta gerta liteke horietako bat euskal dantza izatea, baina ezer gutxi dakigu horri buruz. 1661ean, Louis XIV Eguzki Erregearen ekimenez balletaren oinarriak jarri zituen Parisen Beauchampe-k. Lehen ballet horretan hainbat euskal dantzari ziren, ustez, Louis XIV-k, Donibane Lohizunen ospatu ezteietan ikusi dantzari bikainek liluratu ondoren Parisera eraman zituenak. Horregatik, pentsatu izan da dantzari horiek beren ekarpena egingo zutela balletaren sorrera horretan. Gainera, badira dantza klasikoaren izendegian bi urrats, "euskal" izendapena daramatenak: "pas de basque" eta "saut de basque". Baina bi datu soil horietatik haratago, ezer gutxi dakigu euskal dantzak izan zezakeen eraginaz balletaren sorreran. Bestalde, balletak jasotako corpus koreografikoa Berpizkundeko dantza-maisuek Europa osoan irakasten zutenaren zordun da, eta ziur aski, euskal dantza ere corpus horretatik elikatua izango da. Beraz, dantza klasikoa euskal dantzatik sortu dela baino, egiazkoa izango da biak Errenazimenduko dantza-maisuen ekarpenetik aberastu direla.
Gehiago jakin: Euskal dantza eta dantza klasikoa

8. Zein herritan ikusi daitezke euskal dantza adierazgarrienak?

Zumarraga Antio ezpata-dantza (2012 - Oier Araolaza / dantzan.com - CC-BY-SA)
Zumarraga Antio ezpata-dantza (2012 - Oier Araolaza / dantzan.com - CC-BY-SA)
Urtean zehar hainbat herritan festa berezi, inauteri harrigarri, erritual bitxi eta jaialdi ederrak ospatzen dira. Zuberoan, urtarriletik apirilera maskaradak dira dantzak ikusteko ekitaldi nagusiak. Nafarroa Berehean eta Lapurdin inauterietako dantza ederrak ikus daitezke Beskoitzen, Uztaritzen edo Donapaleun, Besta Berri ospakizun dotoreak Heletan, Iholdin, Armendaritzen edo Itsasun, eta zenbait urtetik behin Kabalkadak eta Toberak Irisarrin, Lekornen, Baigorrin edo beste zenbait herritan. Gipuzkoan aipatzekoak dira Oñatiko Corpus Christi (Besta Berri) dantzak, Zumarragako Antioko ezpata-dantza edo Lizartzako inauteri dantzak. Bizkaian durangaldeko dantzari-dantza, Lekeitioko Kaxarranka edo Markina-Xemeingo ezpata-dantza dira aipagai. Nafarroan Lesakako ezpata-dantza, Lizarrako larrain-dantza edo Cortes-eko paloteadoa ederrak dira. Eta Araban Eltziegoko dantzak, Gasteizko zortzikoa edo Ekorako kate-dantza noizbait ezagutu beharrekoak dira.
Gehiago jakin: ohiko dantzaren egutegia 

9. Dantza jantziak: zergatik ezberdinak dira probintzia edo eskualdeen arabera?

Libertimendua (Donibane Garazi - 2006 - EKE)
Libertimendua (Donibane Garazi - 2006 - EKE)
Azken mendean indartu den irudia da eskualde eta probintzien arteko jantzi desberdintasuna. Herri bakoitzean ezaugarri desberdinak izatea arrunta izan da luzaroan, eta inguruko herriekin antzekotasunak izatea ere bai. Gaur egun, Durangaldeko dantzari-dantzako janzkera Bizkaia osoko dantzariek darabilte, edo Goierriko brokel-dantzariena Gipuzkoa osokoek, baina, herriz herri begiratuta tokian tokiko xehetasunak daudela antzeman daiteke. Zumarraga, Legazpi, Deba, Tolosa, Donostia eta Beasaingo ezpata-dantzariek, denek dituzte janzkera desberdinak beraien artean. Hurbiltasun geografiko eta kulturalak, hurbiltasun estetikoa eragiten du, eta horrela, Arabako Errioxako jantziek antzekotasun handiena Nafarroako Erriberakoekin dute, edo Lapurdikoek Nafarroa Beherekoekin.

10. Mutxikoak denei idekiak ote dira?

Mutxikoak Irisarriko plazan (2012 - Iñaki Zugasti / dantzan.com - CC-BY-SA )
Mutxikoak Irisarriko plazan (2012 - Iñaki Zugasti / dantzan.com - CC-BY-SA )
Gaur egun normalki edonork parte har dezake mutxiko dantzaldi batean. Urratsak ezagutzea nahikoa du borobilean sartu eta dantzaz gozatzeko. Dantza talde baten emanaldia edo ikusgarria bada, taldeko kideek dantzatzeko prestatua bada, emanaldia bukatu, eta publiko guztiari irekiko diren zenbait dantza itxaron behar da, baina mutxiko emanaldi arruntetan edonork parte har dezake.

11. Ohizko euskal dantza mutilen dantza ote da edo neskek egiazko toki bat ote dute?

Garai bateko gizartean mutilek zuten protagonismo nagusia dantzan, baina ez dantzan bakarrik, gizarteko alor guztietan ere bai. Ez zen auzapez emakumerik, kantariak, bertsolariak eta musikariak gizonezkoak ziren, eta alor askotan gizona zen nagusi. Baina gaur egun uste duguna baino dantza gehiagotan parte hartzen zuten emakumeek.

Neskak ere dantzari - Ezpata-dantza eta brokel-dantza Anorgan (Karmen eguna - 2010)
Neskak ere dantzari - Ezpata-dantza eta brokel-dantza Anorgan (Karmen eguna - 2010)
Bestalde, gizartea aldatzen ari da eta gero eta eremu zabalagoetan normalki ari dira parte hartzen emakumeak. Dantzan ari dira poliki bidea egiten ere. Motelegi zenbaiten iritziz, azkarregi beste batzuen ustez. Zuberoan, maskaradetan neskek dantzari rol guztietan parte hartzen dute. Gipuzkoan, ezpata-dantza eta brokel-dantzetan gero eta arruntagoa da neskak eta mutilek berdin dantzatzea. Aurreskuak eta soka-dantzak, neskek mutilek beste dantzatzen zituzten XVIII. mendean, eta orain, berreskuratzen eta sortzen ari dira neskek gidatutako soka-dantzak.

12. Badea euskal dantza garaikiderik?

Uztaritzeko kaskarotek edo Zuberoako maskaradetako aitzindariek egiten dituzten dantzak garaikideak dira. Tradizioari segitzen diote, baina gaur eta hemen, XXI. mendean ari dira dantzan, eta modernoak, garaikideak ditugu, goitik behera.

13. Non ikas dezaket dantzatzen?

Herri askotan badira dantza taldeak, eta baita helduei begira antolatzen diren mutxiko ikastaroak ere. Iparraldeko Dantzarien Biltzarraren bidez jakin dezakezu non izan dezakezun dantzan ikasteko talde edo ikastaroren bat zugandik hurbil.