Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Euskal dantza Historia laburra

Historia laburra

Euskaldunak Auñamendien bi alboetara kantuz eta dantzaz bizi den herria, dantza klasikoaren sortzaileak, eta euskaldunon dantzarako zaletasuna erakusten duten zenbait aipu, erabiliaren erabiliaz, topiko bihurtu ditugu.

Luzaideko bolantak (Oier Araolaza / dantzan.com - CC-BY-SA )
Luzaideko bolantak (Oier Araolaza / dantzan.com - CC-BY-SA )
Estrabonek, Kristo aurreko II. mendean, Iberiar penintsulako iparraldeko herritarrei buruz idatzitakoetan, dantzan irudikatu zituen, eta harrezkero dantza maiz agertu da bidaiariek euskaldunoi buruz egindako deskribapenetan. Baina topikoek, oinarri zuzena duten kasuetan ere, eremu bat argiztatu ahala beste bat itzaleratzen dute. Euskaldunon hizkuntza, euskara, inguruko hizkuntzekiko egitura eta jatorriz berezia dela jakinik, euskal dantzari ere nolabaiteko apartekotasuna egotzi izan zaio topiko horien bidez.

Europako dantza tradizionalen testuinguru aberatsean, ezaugarri komunak eta bereizleak ditu euskal dantzak. Festa-egutegia, neguko eske errondak, mozorroen arketipoak, inauterien ospakizun egiturak edo genero koreografikoak aintzat hartuz, Europako mendebalde osoa hartzen duen dantza, musika, festa eta tradizioen familia handi baten lehengusu-lehengusinak garela ohar gaitezke. Kultura tradizional zabal eta aberats bat konpartitzen dugu, nahiz eta nork bere ezaugarri propioak ere baditugun. Bereizgarri horietako batzuk asko indartu ditu euskal dantzak XX. mendean eta ondorioz, erabat desberdinak garela sinestera iritsi gara.

Gizarte mediatiko eta globalizatuan, moda eta periferia konplexuen eraginez, berdintzeko, homogeneizatzeko indarrak nagusi dira. Horien aurrean, desberdintasunak, bereizle markak, nortasunari eusteko defentsak bilakatzen dira. Tradiziozko dantzek herrien nortasun bereziak irudikatzeko funtzioa bereganatu dute. Berritzearen zoroak liluratzen gaitu, baina sustraietara itzultzen gara behin eta berriz, uniformitatearen itsasoan bereiztuko gaituen ezaugarrien bila.

Lekukotasunak

Euskal dantzaren iraganaz, orainaz eta geroaz zonbait euskal koreografok eta dantzarik duten ikuspundua elkarrizketen bidez bildua: