Eguneroko Argentina (1830-1930)

"Euskal Argentina" erakusketaren argazki bat
"Euskal Argentina" erakusketaren argazki bat

"Jainkotiar probidentziak zure debozioari eskaini dion diozesi zabalean, Euskaldun eta Biarnes anitz aurkitzen dira. Jatorriz nire Baionako diozesikoak baitira, espainiera arrotza zaie eta haien jatorrizko herriaren hizkuntzaz aparte, ez dute beste hizkuntzarik ezagutzen. Beraz kezkatzerik bada haien santutzeaz eta salbamenaz" (...).

Lacroix Jauna Baionako Apezpikuak, Escalada Jauna. Buenos Aireseko Apezpikuari idatzi gutuna. 1855eko agorrilaren 20a, Baionako Elizbarrutiko Artxiboak.

"Euskal Argentina" erakusketaren argazki bat
"Euskal Argentina" erakusketaren argazki bat

Etorkinen instalazioa

XIX. mendearen hasieran, etorkinen harrera gutti antolatua da. Rosasen diktadura amaituz gero 1852an, zenbait legek inmigrazioa sustatu eta arautzen dute:

  • 1853ko konstituzio argentinarrak eskubide zibila berdinak ematen ditu bertako herritarrei eta kanpotarrei.

  • 1854ko irailaren 27ko lege batek Inmigrazio Batzordea berriz alhan ezartzen du. Honen helburua da atzerriratuak bere agentearekin edo ere enplegatzailearen ukan ditzakeen ezadostasunen konpontzea. Hiru urte berantago, gobernu argentinarrak etorkinei zuzendu hotel bat eraikitzen du Buenos Airesen. Horrela, hara joaten direnek janaria eta aterpea dute, enplegu bat aurkitu arte.

  • Inmigrazio eta kolonizazioari buruzko 1876ko urriko legeak piramide moduko antolaketa sistema garatzen du Buenos Aireseko inmigrazio departamenduarekin batera. Azken honek herrialdean zehar banatuak diren inmigrazio batzordeak, eta hauen menpean diren enplegu-agentziak biltzen ditu. Agentzia hauek etorkinak bideratzen dituzte eta parte hartzen ahal dute enplegu-kontratuen idazketa eta betetzean.

Iristerakoan etorkinek lortzen ahal dituzten erraztasun materialak ere zehazten ditu legeak, hala nola bost egunez aterpea eta janaria dohainik horretarako apailatu hoteletan, garraioa lantokiraino, besteak beste.

1870etik 1930 arte, Argentinak kasik sei milioi etorkin onartzen ditu, bereziki Italiatik eta Espainiatik etorriak. Euskaldunen suertea bertan harreman sare bat ukaitea da.

Euskal hotelek etorkin berriak hartu eta gidatzen dituzte, eta lana atxematen diete. Trinketak ere topaguneak dira Buenos Airesera heldu diren Euskaldunentzat. Azkenik, baserriko saltegi-ostatuak (pulperias), ondoan pilotalekuak dauzkatenak, trukaketa, hornidura eta aisialdi leku bakarrak bihurtzen dira basamortu diruditen lekuetan.

Lanbideak

Zer-nolako lana egiten dute Euskaldunek Argentinan XIX. mendearen amaieran eta XX.aren lehen erdialdean ?

Argazkia: Kepa Etchandy
Argazkia: Kepa Etchandy

Hazkuntza eta honetatik eratorri ekoizpenak

1870 arte, Euskaldunak artzainak bihurtzen dira. Diru-kopuru bat bilduz gero, beren kontu erosten dituzte abelburu batzu, artaldea poliki garatuz. Euskaldunek fama ona erdiesten dute abeltzaintzatik eratorri ekoizpenei esker ere, hala nola eskuzko ardien ile-moztea (artilea saltzeko), behi larruen eta larruazalen salerosketa.

 

 

 

XX. mende hastapeneko argazkia, Bilduma pribatua
XX. mende hastapeneko argazkia, Bilduma pribatua

Beste batzu esneketari bihurtzen dira. Behi eta ardi hazkuntza egiten ohi dute Buenos Aireseko inguruetako 2 edo 3000 ha-ko etxaldetan («tambos»). Goizero, hirira joaten dira esnea, gurina eta gasnak saltzera. Euskaldun anitz badira ere Buenos Airesetik hurbil dauden gazitze-lantegietan («saladeros»). Bertan idiak hil, zatikatu eta gazitzen dituzte gero esportatzeko gisan. Uruguain bezala, Argentinan Euskaldunak ia nagusi dira gazitzaileen industrian. 

 

 

 

 

XX. mende hastapeneko argazkia, Bilduma pribatua
XX. mende hastapeneko argazkia, Bilduma pribatua

1882an, Sansinena deitu Euskaldun batek amaiera emanen dio industria oparo honi, haragi gazitua haragi izoztuaz ordeztuz.

Euskaldunak putzu-egile eta burdin hesigile (alambreros) gisa ere aritzen dira pampako luberritze eta heste lanetan.

 

 

 

 

Ogijoitea, Argentinan, XX. mende hastapenean, coll. part.
Ogijoitea, Argentinan, XX. mende hastapenean, coll. part.

Laborariak
Euskaldunek eta Biarnesek fruituak eta barazkiak lantzen dituzte hirietako inguruetan, bai eta ere laboreak
Argentina iparraldean. Hazleak (hego-mendebaldean) eta laborariak (iparraldean) gobernuak eman lurretaz
baliatzen dira.

 

 

 

Eraikuntzako lanbideak
Hazkunde demografikoak hirietan sortu duen bizileku behar premiatsuari erantzuteko harginei, txatar-biltzaileei,
zurginei eta eraikuntzako beste lanbide batzuei dei egiten zaie. Euskaldunak nagusi dira adreilu-industrian.

Merkataritza eta ostalaritza
Artisautza eta eraikuntzaz gain, Euskaldunak merkataritzan eta ostalaritzan aritzen dira. Sektore hauetan lan egiten dute : elikaduran (esneketari, gasnagile, harakin, okin, xerri-hiltzaile gisa), desagertzen ari diren hainbat lanbidetan (zapatari, burdinxuri-egile). Emazteak garbiketa eta jantzigintzan ari dira (neskato, garbitzaile, lisatzaile gisa). Euskaldunek Zuberoan egin espartinak ere saltzen dituzte. Azkenik, Buenos Aireseko portuko zamaketari gehienak Lapurditik edo Gipuzkoatik etorri dira.

Euskal erkidegoa

Ekonomikoki egonkortzen hasiz gero, euskal erkidegoa sozial, hezkuntza eta kultura mailan ere antolatzen da. Batzutan Elizak lagundua da, honentzat fededunen kopurua emendatzeko parada baita.

 

Ezteiak, Argentinan, XX. mende hastapenean, Bilduma pribatua
Ezteiak, Argentinan, XX. mende hastapenean, Bilduma pribatua
Elizaren eragina

1857an, Biarnoko Betharrameko lau fraide lehorreratzen dira Buenos Airesera. Buenos Aireseko apezpikuak San Juan elizaren administrazioa uzten die (laster «Euskaldunen eliza» bihurtuko dena). Bertan euskaraz ematen dituzte mezak. Fraide betharramdarrei «aita baionesak» («padres bayonenses») deitzen zaie.

1858ko martxoaren 19an, Betharrameko Aita Barbek Buenos Aireseko San Jose kolegioa irekitzen du lau ikasleekin. Floreseko euskal esneketarien helmuga den Once auzotik hurbil baita, azken hauen haurren eskolaratzea du helburu. Euskal erkidegoari soilik erreserbatu ikastetxe bat eraikitzeko asmoa ez da inoiz errealitate bihurtuko.

Alabaina, hamar urte berantago, jatorriz euskaldunak diren ikasleak guttiengoan daude ikastetxean. Alta, oraino «Euskaldunen kolegioa» («El colegio de los vascos») deitzen dute.

Beste Betharramdar bat, Aita François Lapitz Buenos Aireseko Euskal Echearen sortzaileetarik bat izanen da, Martin Errecaborde diruz lagunduko duenarekin batera.

 

Euskal zentroak
Baionako Euskal erakustokiko bilduma
Baionako Euskal erakustokiko bilduma

Lehen euskal zentroa, Laurak Bat deitua, Buenos Airesen sortzen da 1877an, Uruguaikoa baino urte bat geroago.
Iheslari karlistek obratzen dute. 1895ean, Frantziako hiru euskal lurraldeetatik etorri hogeita bederatzi Euskaldunek euskal frantses zentroa sortzen dute. Zentro nafartarra urte berekoa da. Buenos Aireseko zentro horien helburu nagusia etorkinak laguntzea da. Argitaratzen dituzten berripaperetan euskara erabiltzen dute.

 

 

 

 

 

 

Buenos Aires-eko "Euskal Eche"-ko postala, 1931, Bilduma pribatua
Buenos Aires-eko "Euskal Eche"-ko postala, 1931, Bilduma pribatua

1878tik 1891 arte, Laurak Bat zentroak «Laurak Bat» aldizkaria argitaratzen du (honen orrialdeetan olerkiak eta Iparragirreren kantuak aurki baitaitezke, besteak beste), eta 1893an "La Vasconia" aldizkaria. 1898an, euskalfrantses zentroak "Eskual Herria, journal des Basques Français du Rio de la Plata" plazaratzen du, bai eta ere "Haritza" aldizkaria (1898 -1912).

 

 

 

 

Lavallol-ko "Euskal Echea", XX. mendeko lehen partean, Baionako Euskal erakustokiko bilduma
Lavallol-ko "Euskal Echea", XX. mendeko lehen partean, Baionako Euskal erakustokiko bilduma

1905ean, hiru zentroetako kideek Lavalloleko Euskal Echea sortzen dute (Buenos Airesetik 25 km-tara), hezkuntza,

kultura eta sozial mailak esku hartzeko xedearekin. Euskal Echearen helburu nagusia euskal erkidego osoari hainbat

zerbitzu eskaintzea da, irakaskuntzaren eta zahartzaroaren alorretan bereziki.

 

 

 

Itsasoz bestaldeko literatura

1893-1913 epean, orotara hamar euskal aldizkari badira Argentinan. 1910ean Pierre Lhanderen «L'émigration basque» liburua plazaratzen da (hainbat aldiz berrargitaratua izan dena). Argentinarako euskal atzerriratzea kantuek ere maiz aipatzen dute. 1900ean, «Artzai Mutilla» izeneko lehen euskal opera sortzen da (libretoa Pedro Mari Otañorena da, euskaraz idatzia, musika Felix San Pelayok konposatua du). 1927an emana da Buenos Aireseko Colón Antzokian.

Olerkaririk ohargarrienetan Jose Mendiague aipa dezakegu (1845, Hazparne, Lapurdi - 1937, Montevideo, Uruguai), Argentinan egon baita. Utzi dituen berrogei kantuak 1910 aitzin idatzi zituen. Kantu hauen bidez, atzerriratu izateak sortzen dituen zailtasunak kontatzen ditu, euskal kultura suharki defendatzen du eta gertakari politikoak komentatzen ditu. Bera bezalako olerkari atzerriratuak ere goraipatzen ditu : Iparragirre, Otxalde eta Otaño.