Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Euskal Herria Euskal diaspora, zortzigarren probintzia Euskaldunen Argentina Gaurko Argentinan gaindi

Gaurko Argentinan gaindi

ea0.jpg

"Euskal zentroetan kulturak bizirik irauten du. Zentrorik zaharrenek trinketa daukate, bai eta ere euskal sukaldaritza eskaintzen duen jatetxe bat : gastronomia-gidek diotenez, Buenos Aireseko eusko-frantses zentroarena hiriburuko hiru mahai onenetarik bat da. Zentro guziek liburutegia, sukaldeak, kurtsoak eman edo bilkurak egiteko gelak
dauzkate, azken hauek jangela edo dantza-pista bihurtzen dira jende asko etortzen den egunetan. Mus txapelketa, dantza taldeak, abesbatza edo «Euskal Herriaren ezagutza» hitzaldiak (jatorriz Euskal Herrikoak diren unibertsitalari eraginkorrek emanik), zinezko instituzioak dira. Hauei esker, harremanak mantentzen dira, topaketa
erregularren bidez. Gaur egun, 600 lagunek suharki ikasten dute arbasoen hizkuntza. Hogeita hamar urtetik beherakoen belaunaldiak du iturri zaharretik edaten".

Kepa Etchandy, 2004ko azaroa

Migratzaile guzien ametsa sorterrira itzultzea da. Baina gehienetan ametsak ez du biharamunik Orduan, atzerriratua saiatzen da herriaren irudi bat gogoan atxikitzen, edertuko duena, batzutan ere mito bihurtuz.
Nortasunaren eta sustraien beharra ikus eta sendi daiteke etorkin bihurtu edozein atzerriraturengan. Ezinago hobeki agertzen da Argentinako Euskaldunen baitan.

"Herrialde aberatsa, jende behartsuz betea"

Buenos Aires, 2002ko urtarrilaren 26an : Buenos Airesen eta Argentinako hogeita lau lurraldeetako hiri nagusietan, manifestariak hamar milaka ateratzen dira plazara, kazolak bortizki joz.

ea1.jpg

Argazkia: Kepa Etchandy

Aurrezkiaren blokeaketa, politikarien ustelkeria, eta orokorki Argentina lehen aldikotz astintzen duen krisialdiaren aurka jazartzen dira.

Gizonek, emazteek, haurrek, langileek, langabeek, erretretatuek Horiek orok sentitzen duten nazka eta larritasuna adierazten dute mezu hau oihukatuz : «Alde hemendik, denak !»


ea3.jpg

Laborari familia, Trenque Lauquen, Buenos Aires-eko probintzia, 2003; co. Kepa Etchandy

Diktadura militarrak (1976-1983), hiper-inflazioak (1989-1991), Carlos Menemen erreforma liberalek (1989-1999: sektore publikoaren pribatizazioa multinazionalen probetxurako, pesoaren eta dolarraren arteko parekotasuna), Nazioarteko Moneta Funtsak gobernu argentinarrari inposatu dion presio azkarrak (zor publikoa itzul dezan), eta 2001-2002 krisialdi monetarioak, ekonomikoak eta sozialak asko ahuldu dute gizarte argentinarra.

ea4.jpg

Juan Arbebilde, Nafarroa Behereko Ainhizen sortu Jean Arbelbideren biloba, 2003 ; co. Kepa Etchandy

Azken krisialdi honen ondorioak hauek dira : munduko moneta-merkatuen ikara, erdiko klaseen pobretzea, langileklasearen suntsitzea, herri-protesta anitz («piqueteros» - ena, laguntza publikoak eta lana lortzeko eratu den langabeen borroka-mugimendua, «kazolen jazarpena»), eta saltegien lapurreta.

Gaur egun, badirudi Argentinak poliki-poliki konfiantza zerbait berreskuratzen duela eta baserrialdea hiriak baino aiseago ateratzen dela krisialditik.

Nahiz 2003az geroztik Nestor Kichner lehendakariak neurri ekonomiko zorrotzak eta ustelkeriaren aurkako borroka abian ezarri dituen, egoera oraino hauskorra da : biztanleriaren %21 langabezian da, %20 Estatuko guttienezko zerbitzuetatik (ura, elektrizitatea, eskola) baztertua delarik. Euskaldunen ondorengo batzuk bestek baino hobeki aurre egiten diote krisialdiari, aiton-amonek edo birraiton-amonek beretu ondasunei esker.

Euskalduna izatea Argentinan

1930az geroztik, euskal nortasunak bere izaera etengabe baieztatu du.

ea2.jpg

German Hirigoyen argentinarra, bere arbasoen sorterrian, Lapurdiko Beskoitzen, 2004 ; co. Kepa Etchandy

XX. mende hasieratik Argentinan dauden abertzaleek lehen aberri eguna antolatzen dute 1935ean. Espainiako gerla zibilaren eta Errepublikanoen porrotaren ondorio nagusia hego Euskal Herriko errefuxiatuen etorrera da, 1930eko hamarkadaren bukaeran.
Inmigración pro vasca izeneko batzordeak, jatorriz Euskal Herrikoa den Ortiz lehendakariak eratua 1941ean, etorkinen harrera errazten du.

Jende-jario horrek euskararen eta euskal kulturaren aldeko ekimen berriak berekin ekartzen ditu:

  • 1988: Eusko Kultur Etxea edo Eusketxearen sortzea, Laurak Bat zentroak bultzaturik. Hitzaldiak, argitalpenak, hauen artean «Cuadernos Eusketxe /Eusketxe azi-idazkiak»-en lehen zenbakia, 1993an

  • 1983: Fundación Vasco Argentina Juan de Garay. Ikerketa historikoak eta
    genealogikoak, hitzaldiak, erakusketa artistikoak, «Los Vascos-Euskaldunak»-en argitalpena, urteroko ohorezko goragarriak

  • 1993: Instituto Vasco Argentino de Cooperación y desarollo, Eusko Jaurlaritzak sortu Lankidetza eta Garapenerako Instituto Eusko-Argentinarra

  • 1942: Ekin argitaletxea, euskarazko hiztegietan eta liburuetan aditua

  • 1943: Euskal Ikasketen Instituto Amerikarra. 1950-1993 epean, ikerlan
    zientifikoak argitaratzen ditu hiru hileko berripaper batean

  • 1944: Euskaltzalea sozietatea. Euskara-ikastaroak, itzulpen lehiaketak,
    "Euzko Deia"-ren hedapena

  • 1949: Euskararen Eguna

  • 1955: Argentinako Euskal Zentroen Federazioa (FEVA espainieraz) Lehen euskal asteen antolaketa

  • 1972: Lehen euskal nazio-astea Villa Marian, Cordobako lurraldean...eta munduan gaindi

ea5.jpg

Mar del Plata-ko euskal zentroa, 2003; Co. Kepa Etchandy

1950etik goiti, euskal diaspora beste herrialdeetara hedatuz bezala, zentro berriak agertzen dira hego eta erdiko Amerikan.

Gaur egun, Uruguaiko bederatzi euskal zentroek beren federazioa daukate (FIVU). Gauza bera da ipar Amerikako
hogeita hemezortzi zentroentzat (NABO). 1995az geroztik, euskal zentroek nazioarteko kongresuak antolatzen dituzte. Zentroek galdeginik, Eusko Ikaskuntzak Euskosare deitu internauten sare bat abian ezarri du munduko Euskaldunen arteko harremanak eta trukaketak garatzeko.

ea6.jpg

Muslariak ; Co. Kepa Etchandy

Eusko Ikaskuntzak argitalpen elektroniko bat ere proposatzen du, Euskonews&media; izenekoa, honen atal bat, KOSMOpolita, munduan zehar banatuak diren Euskaldunei eskainia baita. HABEk interneten bidez ematen dizkie euskara ikastaroak euskal zentroei.
Kirol topaketen (pilota) edo kultura jaialdien bidez (musika, dantza, euskal bestak, mus txapelketak) mundu osoko
Euskaldunek elkar ezagutzeko eta beren kultura partekatzeko aukera dute.

Argentina, Euskaldunen Eldorado izan ote da ?

Eldorado argentinarraren mitoa zenbait erreusitze dirdiratsutan oinarritzen da.

Pertsonaia adierazgarriena Gamarteko Pierre Luro da (1820-1890), Mar del Plataren sortzailea, hogoitahameka izengoitia zuena (musean 31ak beti irabazten baitu). Euskaldunek, belaunaldiz belaunaldi Argentinari eman dizkiote lehendakariak, intelektualak, politikariak eta finantza munduko gizonak.

Hala ere, batzuek zinez erreusitu balinbadute ere, euskaldun emigrante gehienak gizarte-mail guzietan banatu dira, etxetiar edo langile xumeenetarik abiatuz lur-jabe handi edo industria-buruzagiengana iristeko.

Euskaldunen atzerriratze eta inmigrazio mugimenduek ezagutza sakonago bat merezi lukete. Euskal Argentinak, Emigrazioaren Memoriaren Etxerako elkarteak eta Biarnesen elkarte frantses-argentinarrak «harremanak birlotzen eta garatzen dituzte Argentina-La Platako eta herrian gelditu Euskaldunen eta Biarnesen artean». Paueko unibertsitateak ikerketa programa bat abian ezarri du gai honi buruz : «Euskaldunak eta Biarnesak Ameriketan: atzerriratzea eta presentzia». Elkarte edo instituzio hauek Pirinio Atlantikoen eta Ameriketaren eta bereziki

Argentinaren arteko mugimenduen garrantziaz kontzientzia hartzen laguntzen dute.

"Euskaldunen Argentina"-k bere ekarpena eskaintzen die distantziak eta denborak ezabatu memoria honen atzartzeari eta ezagupenari.

Sorterrira itzuli

Euskaldun gutti itzuli dira sorterrira. « Amerikanoen » itzuleraren arkitektura-aztarnak gelditzen zaizkigu Baionan, Uztaritzen, Donibane Garazin Etxe hauetarik batzuk argi eta garbi erakusten dute jabeak « erreusitu » duela.

ea7.jpgArgentinako Euskaldunen lekukotasunek aho batez hauxe diote : atzerriratua ez da herrira itzultzen, ez du itzuli behar ez bada aberastu. Bestela, bai beretzat, bai bere inguru hurbilekoentzat, porrot handi bat da.

Gaurregun oraindik, Argentinara eta orokorkiago Ameriketara joan Euskaldunaren irudia gogor lan eginez aberastu den «Ameriketako osabarena » da.

"Euskaldunak Argentinan" argazki erakusketa

Bandoneon eskusoinua, Argentinako musika tresna enblematikoa.1999an, Kepa Etchandy, Baionako argazkalariak, osaba (aitaren anaia) baten aztarnak aurkitzen ditu Miramaren, Buenos Aireseko lurraldean, eta 2003an lehen bidaia egiten du. Herrira itzultzerakoan, saiatzen da hain urrun joan direnen oroimen bizia indarberritzera, argazki batzuren bidez. Argazkiak ikus

Rio Platense

Isa Suarez euskal artista euskal imigrazioko ondorengoen gana izan da, Argentinan eta Urugayen. Behako artistiko bat Hego Amerikako diasporaz.

Euskaldunen emigrazioaz

2012ko maiatzaren 4an, Donibane Lohizunen, Monika Legarto Euskal Argentina elkarteko lehendakariak eman hitzaldia euskaldunen hego ameriketarako emigrazioaz (grabaketa: Antxeta Irratia).
Hitzaldia entzun