Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Euskal Herria Euskal diaspora, zortzigarren probintzia Euskaldunen Argentina Abiatzea - Argentinaren deia

Abiatzea - Argentinaren deia

ea1.jpg

XVI. mendearen hasieratik, euskal arrantzaleek Ipar Ameriketa dute helmuga (Ternua, Labrador, San Lorentzoko itsasadarra). Portugesak, Bretoiak eta Normandiarrak bezala, hara joaten dira balea eta bakailaoa arrantzatzera.

Hego Ameriketako kolonizazioa, bereziki La Platarena (La Plata ibai inguruko eskualdea, gaurko Argentina, Uruguai eta Paraguai zeharkatzen dituena) XVI. mendean hasten da, espainiar esploratzaileen eta konkistatzaileen agintzapean, hauetan anitz Euskaldunak zirela. Orduan, luzaz Espainiara jo zuen Frantziako Euskal Herriko Euskaldunen migrazioa Hego Ameriketako kolonietara desbideratzen da.

euskaldunen_argentina1.jpg

Abiatzeko baimena, Apheça bilduma, Baxe Nafarroako erakustokiko bilduma

Joaiteko baimena 1900eko agorrilaren 13a.

"Nik, Aguerre Jean izenpetzailea, Behauzeko auzapeza Donapaleuko kantonamenduan, ziurtatzen dut ene herriko Faut Marie andere alarguntsak eman diola, Faut Jean bere hemezortzi urteko semeari, Ameriketara joaiteko baimena. Ez du baimen hau izkirioz eman ahal izan izkiriatzen ez dakielako".


La Platako lurraldeetarantz jotzen duen lehen euskal uhin migratzailea (XVI-XVII-XVIII. mendeetan) banakako erabakien ondorioa da. Espainiako koroak bultzaturik, hara abiatzen direnak lur berriak konkistatu nahi dituzten koloniatarrak dira (Juan de Garay bezalakoak). XVIII. mendean, funtzionarioak eta misiolariak ere badira.

Bigarren uhin migratzailea (XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran) antolatua da.

Frantziako Euskal Herritik, Biarnotik eta orokorki Pirinioetatik egiten diren lehen abiatze handiak 1830etik goiti garatzen dira, Samuel Lafonek, jatorriz britainiarra den merkatari aberatsak Uruguaiko gobernuari kontratuak proposatzen dizkiolarik, hauetan langileak enplegatzera engaiatzen baita. Orduan Alfred Bellemare Frantsesa Cabo Verde, Kanariak eta Frantziako Euskal Herrira bidaltzen du, tokiko jendeekin solastatu, propaganda egin eta garraioak antolatzeko.

euskaldunen_argentina2.jpg

"Compagnie des messageries maritimes", Apheça bilduma, Baxe Nafarroako Erakustokiko Bilduma

Euskaldun atzerriratuak Uruguaira lehenik, eta gero Argentinara bideratuak dira. Alabaina, 1843tik 1851 arte gerla handiak (la guerra grande) Uruguai jotzen du. Bestalde, Manuel Rosas diktadore argentinarra Justo José Urquizak kanporatua da eta azken honek Argentinako ateak zabaltzen dizkie etorkinei.   

Handik hasten da, Europarrentzat eta bereziki Euskaldunentzat, Argentinarako atzerriratze aro luze bat. 1848tik goiti, Kalifornian aurkitu urreak erakarririk, Euskaldun hauetarik anitzek «Far West» berri hartara jotzen dute. Batzu abeltzaintzan aritzen dira, bertan ugari diren urre-biltzaileen janaria segurtatuz.

XX. mendearen bihurgunean, hainbat arrazoirengatik - langile gehiegi, krisialdi ekonomikoa, moneta-arazoak - Argentinarako atzerriratzea guttitzen da, Estatu Batuen onurako.

"En Argentina gobernar es poblar"
1852- 1880 : antolatua den inmigrazioa

1852an, Justo José de Urquizaren lehendakaritzak zinezko inmigrazio-politika bati hasiera ematen dio. Alberdi, honen ministro batek hauxe dio : «Argentinan, gobernatzea jendeztatzea da» .

Helburu bikoitza dauka: lur zabal-zabalak jendeztatzea laborantza-koloniak bertan ezartzeko eta etorkin europar anitzen etorrera sustatzea (Espainiarrak, Italiarrak, Frantsesak, Suitzarrak, Alemaniarrak). Jatorriz Euskalduna den Alberdik begi onez ikusten du Euskaldunen eta hauen auzokoen etorrera, hainbestetaraino non erraten baitu «Pirinioak despopulatzea» beharrezkoa dela.

Pampako jatorrizko biztanleak Pampa, Guarani eta Ranquel indioak dira. Hainbat «basamortuko kanpaina» eramaten dira hauen aurka. 1870eko hamarkadan, Roca jeneralak, Sarmiento lehendakariaren gerla-ministroak (1868-1874), kanpaina militar bat eramaten du Pampa mendebaldeko eta hegoaldeko tribu indioen aurka, hauek sakailatuz. «Garaipen» hauek lur berriak eskaintzen dizkiete koloniatar europarrei.

«Lurrik gabeko jendea jenderik gabeko lurretara»
Gobernu argentinarrak Indiorik gabeko lur horien ebaketa geometriko bat egiten du. Lurzati errektangularrak etorkin berriei emanak zaizkie. Orduan, jabe bihurtzen dira. Trenbidearen garapenak laborantza-baliabideak hobeki ustiatzeko aukera ematen du. Orduko Argentina biziki erakargarria zaie Euskaldunei. Hala hasten da egonkortasun politiko eta hazkunde ekonomikoko aro bat. 1880 irian, herrialdearen bateratzea egina da.

1880-1914 : inmigrazioaren azken uhina

1880-1910 epean, mugimendu migratzailea areagotzen da lau milioi etorkin berrirekin. Alta, 1890etik goiti, laborantza emekiago hedatzen da, langilegoaren beharra eta ondorioz atzerriratzea murriztuz. 1929ko munduko krisialdi ekonomikoarengatik, gero eta Frantziako Euskaldun guttiagok eginen dute Euskal Herritik Argentinarako bidaia. 1936ko gerla zibilak aldiz, Espainiako Euskaldunak Argentinarako bidea hartzera bultzatuko ditu.

Nahitara edo beharrez : abiatzearen arrazoiak

Hainbat arrazoik bultzatzen dituzte Euskaldunak trumilka herria uztera.
XIX. mendeko egoera politikoak, ekonomikoak eta sozialak eragin handia du fenomeno honetan.

euskaldunen_argentina3.gif

Gutuna, Apheça bilduma, Baxe Nafarroako Erakustokiko Bilduma

- Iraultzaren eta Inperioaren gerlek (XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran) Euskal Herria hondatzen dute
- Etxaldeetako gaztenak behartuak dira etxean berean lan egitera, ala kanpora joatera hazkurri edo fortuna bila
- Atzerriratuek Euskal Herrian egon familia diruz laguntzen ahal dute
- 1830 eta 1856 artean, Euskal Herriko biztanleria emendatzen da
- Baserri-artisautza ttipiak nekez ihardokitzen du XIX. mendeko industria-garapenari
- Soldadutzak intsumisioak sortzen ditu
- Aduanen lekualdatzeak Frantzian 1789an eta Espainan 1842an, Euskal Herriko ekonomiari kalte egiten dio

euskaldunen_argentina4.gif

Gutuna, Apheça bilduma, Baxe Nafarroako Erakustokiko Bilduma

Euskaldunak herritik abiatzera bultzatzen dituzten beste arrazoiak honako hauek dira : zaharren agintaritzatik ihes egiteko tirria, Ameriketan ahaideak (anaiak, osabak, lehengusuak) edo lagunak ukaitea, eta Eldorado amerikarraren mitoa, herrira itzuli diren Euskaldunek goraipatzen dutena. Azkenik, hara joateko hego Ameriketako gobernuen deia ausarki hedatzen dute Euskal Herrian atzerriratze-agenteek.


"Euskaldunak Argentinan" argazki erakusketa

Bandoneon eskusoinua, Argentinako musika tresna enblematikoa.1999an, Kepa Etchandy, Baionako argazkalariak, osaba (aitaren anaia) baten aztarnak aurkitzen ditu Miramaren, Buenos Aireseko lurraldean, eta 2003an lehen bidaia egiten du. Herrira itzultzerakoan, saiatzen da hain urrun joan direnen oroimen bizia indarberritzera, argazki batzuren bidez. Argazkiak ikus

Rio Platense

Isa Suarez euskal artista euskal imigrazioko ondorengoen gana izan da, Argentinan eta Urugayen. Behako artistiko bat Hego Amerikako diasporaz.

Euskaldunen emigrazioaz

2012ko maiatzaren 4an, Donibane Lohizunen, Monika Legarto Euskal Argentina elkarteko lehendakariak eman hitzaldia euskaldunen hego ameriketarako emigrazioaz (grabaketa: Antxeta Irratia).
Hitzaldia entzun