Nafarroako inauteriak

Ihoteak, inauteak, inauteriak, karnabalak edo aratusteak non, dantzak han izaten dira neguan. Nafarroako iparraldean inauteriak bizi-bizi dira gaur egun ere, eta eskean ateratzen diren gazte taldeak ugari dira eta dantzarako prest gehienetan.

Lantzeko inauteriak (2009 - Iñaki Zugasti / dantzan.com - CC-BY-SA)
Lantzeko inauteriak (2009 - Iñaki Zugasti / dantzan.com - CC-BY-SA)
Lesakako Goitarrek fandangoa eta arin-arina bizi-bizi dantzatzen dute baserri bakoitzaren aurrean. Talde zuri-gorriak kolorea eta alaitasuna eramaten ditu Endara, Auzoberri eta Zala auzoetako baserri sakabanatuetara.

Euskal inauteriaren beraren sinboloetako bat bihurtu da Lantzekoa, eta ez alperrik, mozorro festa eta konpartsaren aberastasuna ez-ohikoak baitira. Errementariek edonor izutu eta ferratuko dute oharkabean, txatxoen oihu eta joan-etorriak batetik, zaldikoaren jauzi eta ostikoak bestetik, ziripot handiaren oreka arazoak, eta Miel Otxin, epaitua eta heriotzera kondenatua den gaizkilearen trajeria, dena nahasian ageri da Lantzen. Plazara iritsi eta zortzikoa dantzatuko dute guztiek txistulariaren doinura.

Inaute asteartea dantzan bizi da urtero, bai Lantzen eta bai beste hainbat herritan.