Plaza dantzan

Folklore talde antolatuen emanaldiak bizi-bizi dira Euskal Herrian azken mendean, baina herritar arruntak plazan dantza egiteko ohiturak gora-beherak izan ditu.

Mutxikoak Irisarriko plazan (2012 - Iñaki Zugasti / dantzan.com - CC-BY-SA )
Mutxikoak Irisarriko plazan (2012 - Iñaki Zugasti / dantzan.com - CC-BY-SA )
Dantza-jauziak edo mutxikoak festa egunez dantzatzeko ohitura handia izan da Lapurdi, Nafarroa Beherean eta Zuberoan luzaz, baina II. Mundu Gerlaren ondotik urritzen hasia zen eta dantza-jauziak eta fandangoak ez ziren hain ezagundak jendartean. 1980ko hamarkadatik aurrera, Pierre Betti Beteluren bultzadaz, eta hainbat talde eta elkarteren parte hartzearekin, dantza taldeetan parte hartzen ez zuten helduentzat mutxikoak ikasteko hainbat ikastaro eta saio eskaintzen hasi ziren. Lapurdiko kostaldean lehenik eta barnekaldean ondoren, erantzun bikaina izan zuen ekimenak eta mutxiko dantzaldien berpizkundea etorri da. Arrangoitzeko eta Irisarriko mutxiko egunak sendotuta, dantza-jauziak, fandango eta arin-arinak, zortzikoak, baltsak eta bestelako plaza-dantzak dantzatzeko dantzaldi irekiak ugari dira eta herritar arruntek plazer handiz parte hartzen dute horietan.

1990ko hamarkadatik aurrera, Patxi Perez-ek mutxiko dantzaldi ireki horiek aberastu egin ditu Europako hainbat dantza jostagarrirekin osatuz. Batbiru, Tapia eta Leturia, eta Patxi eta Konpania taldeen bidez borobila (circle circassian) edo chapelois moduko dantzak erabat zabaldu eta errotu ditu Euskal Herrian. Agnes Perez-ek Kokin taldearekin, Jokin Otamendik Tapia eta Leturia eta Arrabots taldeekin, edo Patxi Labordak Aiko taldearekin plazak dantzak jarri eta erromeria gidatuak egiteko joera erabat zabaldu eta indartu dute, eta dantza-maisurik gabeko taldeen emanaldietan dantzarako joera handitzea ekarri dute.