Emaztea bertsularitzan

Emaztea plazetan eta lehiaketetan agertzea fenomeno berria da. Denboran ari izan ziren bakar batzuen izenak baizik ez zaizkigu iritsi. Gaur ordea 2009an, lehen aldiz, Euskal Herriko bertsulari txapelduna emazte bat izan da.

Miren Artetxe. Xi-La-Ba 2010 (EKE - Jakes Larre)
Miren Artetxe. Xi-La-Ba 2010 (EKE - Jakes Larre)
Beti  izan dira emazte bertsulariak, bainan iceberg baten gisan, guti agerian eta anitz ezkutuan, gizarte kodigoen eta debekuen ondorioz.

Jadanik erran dugun bezala, Koldo Mitxelenak hauxe dio "Euskal literaturaren historia" bere liburuan: "Bertsularien ohidura zaharra dela, eta bederen Garibay-k aipatzen dizkigun XV. mendeko emazte bertsularien garaikoa dela". XV. mendeko dokumentuetan aipatzen diren emazte bertsulariak  kantu epikoen edo eresien egileak ziren. Horregatik zigortuak izan ziren. 1452ko Bizkaiko Foruan espresuki debekatzen ziren emazteen kantu eta kopla publikoak.

Eremu publikotik desagertu baldin bazen, segitu du emazteak bertsotan etxeko giroan gehienik. Hala ere plazan ibilitako batzu ezagunak dira.

Iparraldeko emazte bertsulariak XIX. mendetik 1960 hamarkada artean

Bertsularitzaren historia luzeari behako bat lehenik, batez ere Iparraldekoari, beti Neurtizlari, Bertsulari, Iparraldez Beñat Soulé-ren liburua lagun. XVI. mendetik XX. mendera, 1960 hamarkada arte, bertsutan ari izan diren emazteak esku baten erhietan errexki kondatzen dira. Lau, hain zuzen: Mari Luixa Erdozio (1846-1925), Mariana Hargain Etxepare (1860-1925), Mariana Etchegaray Baraziart "Aña debrua" deitua (1873-1939), eta Bernadeta Borda Charriton (1959-...) "Itxaro Borda" izenarekin ezagutua.

Mari Luixa Erdozio (1846-1925)

Iparraldean ezagutu eta aurki daitekeen bat-bateko emazte bertsulari zaharrena. Mari-Luisa Erdozio, 1846an Azkainen sortua,  lanbidez laboraria izan zen Azkaine "Patinenia" etxaldean. Hamahiru haurren ama zen eta Donibane Lohizunen hil zen 1925an.

Lehiaketa batean bertsulari izan zenaren aipamena Julien Vinson hizkuntzalariari zor diogu. Anton Abadiaren Lore Jokoetan parte hartu zuen Saran hiru aldiz: 1869an (irabazle D'Ibarrartekin batean), 1875ean (irabazle Etchetorekin batean) eta 1884an hirugarren.

Bertsu emanaldi bikaina egin bide zuen 1875an M. Etchetorekin gaia zutela: "gerlara zoan gizon gazte (Etcheto) baten adioak bere andregaiari (M.-L. Erdocio)". Entzuleetan zegoen De Chambrun andereak sari berezi bat eskaini zion bukaeran Azkaindar emazteari.

2021ean, Azkaingo Herriko etxeak ohoratu du eta argitan ezarri herritar talde batekin partaidetzan, Les Bask’Elles elkartearen erakusketaren bitartez.

Gehiago jakin

Mariana Hargain Etxepare (1860-1925)

Ezpeletan sortua zen bat-bateko bertsularia eta bertsu jartzailea. Kanbon bizitu zen "Hegontoinia" baserrian espartingintzan eta laborantzan ari izanez. 1891n ezkondua, seme baten ama zen. Hil zen Donapaleun 1925ean. Kanbon agertu zen lehen aldiz plazan kantukide zituela D'Ibarrart, Laztiri eta Soule. Baina gehienetan kantukide zuen gazteago izanagatik Aña debrua deitu emazte bertsularia. Arrakasta handia biltzen zuten bi andereek eta anitz galdetuak ziren.

Anton Abadiaren Lore Jokoetan irabazi zuen D'Ibarrartekin batera 1888an Kanbon. Parte hartu zuen bestalde M. Guilbeauren "Euskal Bestak" sariketetan: 1894an Hazparnen (4.), 1895ean Ezpeletan (irabazle) eta 1896an Kanbon (3.), baita ere Euskaltzaleen Biltzarraren sariketetan 1907an Kanbon (3.). Sariketa horiez bestalde Mariana Hargainek asko bat-bateko bertsu kantatu ditu ezteietan, bataioetan eta komunionetan.

Mariana Etchegaray Baraziart "Aña debrua" (1873-1939)

Mariana Etchegaray "Aña debrua" izenez ezagutua Lekornen sortua zen 1873an. Ezkondu zen Hazparneko Joanes Inzabirekin. Hazparneko Hazketa eta gero Peña auzoan bizi izan ziren. Sei seme-alaben amak zapatagintza eta ostalaritza zituen lanbide. Hazparnen hil zen 1939an.

Bat-bateko emazte bertsularia zen. M. Guilbeauren "Euskal Bestak" sariketetan parte hartu zuen 1894an Hazparnen (irabazle) eta 1896an Kanbon (hirugarren). Bertsu jarri bat ezagutzen zaio (Oraiko dama gaztiak).

Azpimarratzekoa bat-batean kantatu duela gehienik familietako ospakizunetan (eztei, bataio, komunione). Kantukide ukan ditu Petti hazpandarra baina gehien bat Mariana Hargain kanboarra.

Gehiago jakin

Itxaro Borda (1959-...)

Itxaro Borda (EKE - Maia Etchandy)
Itxaro Borda (EKE - Maia Etchandy)
Mariana Etchegaray "Aña debrua"  hil-eta hogei urte berantago, Bernadeta Borda Charriton sortu zen Baionan, denek Itxaro Borda izenarekin ezagutzen dugun idazle, olerkari eta kantu egile ospetsua.

Historiako goimailako ikastekak eginik postako langilea da eta Maulen bizi da.

Hasi zen plazetan bat-bateko bertsuak kantatzen hala nola 1978an Hazparnen, Joanes Arrossagarai eta Jean-Louis Hariñordoki (lehen aldiz) lagun zituela. Baina laster bertsu idatzietara pasatu zen.

Bertsu jartzaile eta liburu idazle oparoa dugu Itxaro Borda.

Aldaketa garaia

1980. hamarkadarekin transmisioa griña nagusia zela, lehen bertsu eskolen sortzea eta bertsugintzaren egituraketa ikusi dugu. Honekin batean emaztearen presentzia garatu da. Bertsulari izaiteaz gain, badira gai-egileak edo gai-jartzaileak, gai-emaileak, epaileak. Hiru probintzietan, bertsozale elkartearen lehendakaria emazte bat da: Nafarroan Alaitz Rekondo, Gipuzkoan Saroi Jauregi eta Iparraldean Joana Itzaina.

Bertsu eskoletan kasik gehiengoan baldin badira, ez da oraindik hala plazetan. Eskoletatik oholtza gainera pasatzea askori neke zaie gainditzea.

Maialen Lujanbio txapelduna, Andoni Egaña. Euskal Herriko Txapelketa nagusia, 2009 (EKE - Maite Deliart)
Maialen Lujanbio txapelduna, Andoni Egaña. Euskal Herriko Txapelketa nagusia, 2009 (EKE - Maite Deliart)
Pausu hori egin duten lehen emazteetan hor ditugu besteak beste Arantzazu Loidi, Eztitxu Arozena, Maialen Lujanbio. Preseski azken honek hizki handiz markatu du emaztearen lekua bertsularitzan. Lehenik lehen emaztea izanez Euskal Herriko txapelketa nagusiko finalean 1997an: 8. bururatu bazuen ere, gaitzeko antzinamendua izan zen. Zer esanik ez, 2009an Euskal Herriko bertsolari txapelketa irabazi duen lehen emaztea izanez!

Baina Maialen Lujanbiok dion bezala: "Kosta egiten da emakumeen lorpenak aitortzea, eta txapela irabaztea, sinbolikoki, pauso bat da".