Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Bertsularitza Ipar Euskal Herriko bertsularitza

Ipar Euskal Herriko bertsularitza

Lapurdi, Baxe Nabarre eta Xiberoa lurraldeetan, bertsularitzaren historia joria izan da, nahiz gorabeherak ezagutu. Gaur Bertsularien Lagunak elkartearen helburua da transmisioa, garapena eta geroa segurtatzea.

L'improvisateur de Gabriel Roby
''L'improvisateur''. Gabriel Roby (Baionako Euskal Museoa)
Neurtizlari, Bertsulari, Iparraldez Beñat Soulé-ren liburua oinarritzat hartu dugu atal honen osatzeko. Urte luzeetako ikerketen emaitza paregabea. Lan honetaz Mixel Itzainak dio: "Liburu aberatsa, Iparralde huntako bat-bateko edo bertsu jarriez ari zaukuna... Harrigarri da zenbat izan diren, hiru probintzietan, bertsu lanean bermatu direnak. Bat bertzearen ondotik hor dira ezagunak, bainan gehiago oraino ez ezagunak! Horiek denek baitute hoberenen lurra ondu, preparatu! Ez baita nehor hutsetik abiatzen".

Liburuan, 143 bertsulari konda daitezke orotara. Lau ez ezik denak gizonak. Zaharrena Bernat Detchepare 1490 inguruan sortua, gazteena Aitor Sarasua 1967an.

Bertsulariak lurraldez lurralde

Xalbador, Mixel Labeguerie, Mattin
Xalbador, Mixel Labeguerie, Mattin
Bertsularia. Baxenabarren maiz koblaria (edo koplaria) deitua eta Xiberoan berriz koblakaria.

Lapurdi lurraldean B. Soulé-k 70 bertsulari zerrendatu ditu, Baxenabarren 62 eta Xiberoan aldiz 11.

Iparraldean mendez mende, lurraldez lurralde izan direnen ezagutzaren gainbegirada eginen dugu, gehiago jakin nahian edo jakinminez daudenei Beñat Souléren liburua gomendatuz.

Lanbidea edo jatorri soziala

Mixel Aire Xalbador II
Mixel Aire Xalbador II, artzaina bere aita bezala
Lanbide sektore hauetan sailka daitezke:

  • Laborantza, artzaintza edo lur lanetan arituak (52)
  • Apez edo fraile (21)
  • Funkzionario edo gisa bereko lanetan arituak (17)
  • Eraikuntza edo etxegintza (14)
  • Oihalgintza, jantzigintza edo zapatagintza (14)
  • Komertzio, saltegigintza (9)
  • Zerbitzu lan ezberdinetan arituak (8)
  • Lanbide liberalak (mediku edo beste) (4)
  • Lanbiderik ezagutu ez zaiotenak (4)

Bat-batean edota idatziz

Beti Beñat Soulék Neurtizlari, Bertsulari, Iparraldez bere liburuan dionaz, 15 bertsulari soilik bat-batekoan ari ziren; 66 bat-batekoak eta bertsu jartzaileak ziren eta 62 bakarrik idatzizkoan ari.

Lehiaketak

Interesanta da zein estakurutan eta okasionetan lehiatzen ziren jakitea.

Bat-batekoan:

  • Anton Abadia-k antolatu Lore jokoak (idatziz eta bat-batekoan,lehena 1853an)
  • Guilbeau medikuak antolatu Euskal bestak
  • Euskaltzaleen Biltzarrak antolatu sariketak (1901etik goiti)
  • Teodoro Hernandorenak antolatu sariketak (1946-1966)
  • Euskal herriko txapelketa nagusiak (lehena 1935an, geldiune batekin 1960 arte)
  • Nafarroako txapelketak
  • Lapurdiko xapelketa 1987an (Kesus Arzallus xapeldun)
  • Xi - La - Ba Iparraldeko xapelketa (2008an hasia, bi urtetarik antolatua)
  • ... eta periodikoki han ta hemen antolatu sariketa berezi batzu.

Bertsu jarriak:

  • Anton Abadia-ren Lore Jokoak
  • Guilbeau-ren Euskal Bestak
  • Euskaltzaleen Biltzarra
  • Herria astekaria
  • Gure Herria aldizkaria
  • Basque Eclair egunkaria
  • Iparragirre elkartea (3 urtez, 1988-1990 artean, Kesus Arzallus, Mixel Lekuona, Mixel Itzaina bultzatzaile)
  • Xiberoan Bil Xoko eta Abotia elkarteek 2000 inguruan, 4 urtez, bertsu jarriak lehiaketa antolatu zuten Müsikaren egunaren karietara.

Bertsularien Lagunak

Bertsularien Lagunak1980. hamarkadatik, bertsularitza Iparraldean sustatzen duen Bertsularien Lagunak elkarteak aro berri bat ideki du.

Iparraldeko bertsularitzaren oraina eta bereziki geroa bultzatu nahi duen erreferentziazko elkartea.

Honen sortzea, ibilbidea eta helburua lortzeko daramazkin alorrak zein diren sakontzea proposatzen dizuegu:

XXI. mende hastapen honetan, geratzen diren eginbeharrak eta desafioak edo erronkak oraindik handiak dira, Maiana Irigoyen eta Amets Arzallus bertsulariek kantatzen duten bezala (Iparraldea XXI).

Belaunaldi berria

1980 hamarkadatik goiti, ikastetxe ezberdinetan eta bereziki ikastoletan bertsularitza erakasten delako bai eta bertsu eskolen eraginez, bertsulari belaunaldi berri bat agertu da. Horien artean, Amets Arzallus hendaiarra,  Euskal Herriko Bertsulari Txapelketa Nagusian Txapeldun izan dena 2013an. Lehen aldia da Txapelketa hunen historian irabazlea Iparraldekoa dela.

Amets Arzallus Txapeldun
Amets Arzallus Txapeldun. 2013ko Txapelketa Nagusia (Bertsozale.com)

Berekin batean aipa ditzagun besteak beste Sustrai Colina, Odei Barroso, Eneritz Zabaleta, Xumai eta Maindi Murua, Maddi Sarasua, Iparraldeko ordezkarien artean. Gehienen izenak Euskal kultur erakundeko errepertorioan, bertsularien datubasean zerrendatuak aurkituko dituzue.

Iparraldeko bertsularitza munduko eragileak

Xan Alkhat bertsularia - Bat-batekoan! (cc-by-sa Nahia Garat)

Bertsulari, gai-egile, gai-emaile, saio antolatze, lehiaketak eta txapelketak, bertsu eskolak eta baliabide zentroak, Euskal kultur erakundearen datubasean zerrendatuak.

Agenda
  • Bertso saioak
  • Bertsularitza
Bertsu Afaria 2019/07/19
  • Bertso saioak
  • Bertsularitza
Bertso pilota eta bertso bazkaria 2019/07/21
  • Bertso saioak
  • Bertsularitza
Beñat Gaztelumendi + Aitor Mendiluze + Aitor Servier 2019/07/21
Gehiago…
Interneten
Jakin 231: Bertsoari neurria hartzen

Bertsolaritzaren inguruan egindako ikerketan sakontzen du Jakinen monografikoak Harkaitz Zubiri, Jone M. Hernández, Miren Amuriza, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbiorekin.

Tags:

Bilatzaile berria du Bertsolaritzaren Datu Baseak | 2019-02-19, Bertsozale Elkartea

Bilaketa bakarra eginda, BDB barruan dauden datu base guztietan zer dagoen ikusteko aukera egongo da.

Tags:

Larunbatean ospatu zen Senpereko "Larraldean" Bertsularien Lagunak elkartearen urteroko Biltzar Nagusia — Bertsozale Elkartea

2018an transmisioan eta sustapenean egin lanaren bilanak eta 2019rako egitasmoak aurkeztu ziren. Bertara hurbildurikoek 2018ko diru kontuak eta 2019ko aitzinkontua aho batez onartu zituzten. Bertan bildu ziren, bertsulariak, bertsuzaleak eta erakunde ezberdinetako ordezkariak, bertzeak bertze: Euskararen Erakunde Publikoa, eta Euskal Kultur Erakundea.

Tags:

Gehiago…