Aro garaikidea

Mende honen lehen erdia markatu dute hiru olerkari hauek: Lizardi (José Maria Agirre, 1896 - 1933), zarauztarra, olerki obra arras landua utzi diguna ; Lauaxeta (Esteban Urkiaga, 1905 - 1937), frankistek fusilatu zuten bizkaitarra; Orixe (Nicolas Ormaetxea, 1888 - 1961), Euskaldunak poema epikoaren egilea. Ipar Euskal Herriak ere idazle trebeak ezagutu ditu. Jean Etxepare medikuak  (1877 - 1935) zernahi artikulu utzi dizkigu bai eta bi liburu : Buruxkak eta Beribilez. Jules Moulier (1888 - 1958), Oxobi izenordeaz ezagutuak, bertsu, olerki eta hanbat artikuluren artean, oroz gainetik Alegiak zoragarriki idatzi zituen.1950. urteaz geroztik, idazleak gero eta gehiago izan dira eta euskal literaturak harrigarriko garapena ezagutu du.

Lehenik gogora ditzagun Jon Mirande (1925 - 1972) eta Gabriel Aresti (1933 - 1975). Ordurarte euskaraz idatzi liburuetan irakurtzen ez ziren gai minberak ausartziarekin erabili zituzten. Azken berrogeita hamar urte hauetako idazle emankorrenak aipa ditzagun: Iratzeder (Jean Diharce), Txillardegi (José-Luis Alvarez Enparantza), Anjel Lertxundi, Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga, Joxan Artze, Juan-Kruz Igerabide, Joxantonio Ormazabal; emazteetan hor ditugula: Arantxa Urretabizkaia, Itxaro Borda, Mariasun Landa, Laura Mintegi, Arantxa Iturbe...

Bestalde, itzulpenak beti egin izan dira. Gaur egun, haur eta gazte literatura bai eta mundu zabaleko idazle garrantzitsuen obrak euskaratzen dira.