Baxenabarre

Sail honetan, Baxenabartar bertsulariek toki plantako bat badute.

Bertsulariak Baigorrin
Bertsulariak Baigorrin
Horietarik batek "Xantxo" deitu mandozainak, Baigorriko haranean lan egin zuen 1835 eta 1850 artean. Gaitzeko elasturia zeukan eta maiz bortizki eta larriki mintzo zen, mugazainak lurra baino beherago ezarriz. Hain segur, kontrabandak mandozain ofizioak baino gehiago ematen zion... eta funtzionari horiek kritikatuz, kontrabanda egile guztiak bere alde biltzen zituen.

Bertsulari trebea omen zen Manex Apezena, ez zuen haatik gizontasun handirik. Diruaren truk bertsuak idazten zituen honen edo haren kontra eta bere tzarkeriengatik preso ere egon zen.

Bidarraiko Otxalde, ofizioz mugazaina, euskal biltzarre orotara gomitatua zen. Hilabetean behin, Hazparneko merkatuan, bertsuak kantatzen zituen. Herri hortako Xetre bertsulariak honela aipatzen digu : "Gizon gaztea, ernea, ongi ikasia, denetaz maitatua". Mugazain buruzagi batek aldiz arras iritzi ezberdina dauka : baizik eta Otxaldek itxura txarra duela, zorrak badituela eta abar.

Bertsulariak. Garazi, 1947.
Bertsulariak. Garazi, 1947.

Zubiat, bertsulari fin bat zen, denek gain-gainetik estimatzen zutena. Behorlegin, postari lana egiten zuen. 1909an, martxoko egun batez, Garaziko Postetako zuzendariak deitu zuen, bere lana berehala utzirik, Garazirat etor zedin. Zergatik ote? Edouard VII, Inglaterrako Erregeak bertsularien entzuteko nahikeria adierazi baitzuen. Eta horra, Zubiat, Baxenabarreko hiri nagusian, Erregearen aitzinean bertsutan ari izan zela, azken honen goresmen beroenak erdietsiz!

Irulegiko Joanes Etcharren, Eiheralarreko Larramendy, Ezterenzubiko Manex Etxamendi, Arnegiko "Pudes", Bankako Peio Erramuspe eta beste zenbaitek, zeingehiagoka, galarrots eta otruntzetan parte hartu dute.

Bettiri Ibarrart-ez ohar berezi bat eginen dugu, kantu ederrak zor dizkiogulako, hala nola "Sotoko oporra", "Mitxelengo zubia", "Itsua eta sastrea", oraino ere eztei edo familiako bazkarietan gogotik abesten direnak. Bere bertsu saio publikoek gaitzeko arrakasta biltzen zuten.

Ximun Ibarra "Zubikoa", Felix Iriarte "Berjinanto", biak Nafarroan sortuak, Baigorriko haranean luzaz bizi izanak dira. Iriarte, 1936an Elizondon iragan lehen Nafarroako Bertsularien Txapelketan Txapeldun izan zen.

Baina duda izpirik gabe erran dezakegu Fernando Aire "Xalbador", Iparraldeko bertsugintzan, Etxahun-Barkoxeren ondotik, maisu handiena izan dela. Hizkuntza garbia eta itxuraz klasikoak diren haren bertsuek pentsaera sakon eta aberats bat erakusten dute. Odolaren mintzoa haren liburua, egiazko monumentu bat da!

Ernest Alkhat (© J. C. Broca - EKE)
Ernest Alkhat (© J. C. Broca - EKE)

Luzaz, Xalbadorren beldurra hauxe izan da : haren ondotik, Baxenabarren ez zela bertsularirik sortuko... Baina bere ustegabeko heriotza baino urte zenbait lehenago, atseginekin ikusi zituen gazteak haren sail berari lotzen eta haietarik bat Mixel bere semea.  Halaber Heletako Jean-Pierre Mendiboure, Iholdin sortua, Armendaritzeko Ernest Alkhat, Aintzilako Jean Arrosagaray, Baigorriko Jean-Louis Harignordoki (Laka).

Orain geroaren hazia altxatzen ari da 1980. hamarkadatik goiti sortu diren bertsu eskolei esker.