Roger Idiart

Roger Idiart (1931-2009) apeza, kantu egilea, bertsularia, bi pastoralen idazlea, antzerki taula zuzendari zen. Euskaltzain urgazlea izan da ere.

Roger Idiart (Argazkia: Zaldiero)
Roger Idiart (Argazkia: Zaldiero)
Biografia

Roger Idiart Azkainen sortu da 1931ko urtarrilaren 15ean.

Mixel bere anaia apezaren ildoa segitzen duela, 1955ean apezten da. Erakasle da Oloruen, gero Hazparnen eta ondotik Uztaritzeko seminario ttipian.

1971n, erretor izendatua da Zalgizen. Han zuberera ikasten du, eta Etxahun-Iruri bertsulari famatuaren adiskidea bihurtzen. Olerkiak eta kantuak idazten ditu, bai eta bi pastorala.

23 urte Xiberoan egon ondoan, Lapurdin izendatua da erretor, Ainhoan eta ondotik Zuraiden, bere heriotza arte.

Piarres Larzabal bere herritar idazle maisua bezala, abertzaletasunean engaiatu zen, distantzia atxikiz apezgo misioa eta politika artean. Enbata mugimenduan parte hartu zuen, bai eta geroago Herriarekin, Euskal Herriko etorkizunaz, hizkuntzaz eta gatazka politikoaren konpontzeaz axolatzen den apez euskaldunen taldean. Euskal preso politikoen aldeko militanteak oroit dira zein kartsuki parte hartu zuen Roger Idiart apezak haien dinamikan. 1990 hamarkadan, Batikanora joan zen euskal delegazioarekin 7 probintziak bilduko zituen euskal Eliza baten aldarrikatzera.

Nortasun azkarrekoa, umoretsu eta alaitsu, irudimen eta sormen handiko gizona zen.

Aitzindari, euskarazko irrati baten animatzaile izan da 1960 hamarkadan, Jean Garreto Paristar berriketariaren inguruan muntatu estudioetan, udan, Biarritzeko kasinoan.

Roger Idiart 2009ko abuztuaren 27an zendu zen, 78 urtetan.

Xehetasun gehiago: San Mixel Garikoitz Kanboko parropiaren gunean bere ehorzketen kari bildu dokumentazioa.

Idazlea, kantu egilea

Roger Idiart-ek artikulu franko idatzi ditu HerriaEnbataSud-OuestBasque-Eclair aldizkarietan eta Belokeko Otoizlari–n. Besteak beste, Berri ona kantuz idazlan aipagarria dugu, Ebanjelioa bertsutan idatzi baitzuen.

Bi pastoralen autorea: Xalbador Larrainen (1991) eta Etxahun-Iruri Irurin (2001).

Euskal antzerki munduan ezaguna, Eskalapuñak (Hiruak Bat) eta Eta ni... (Kilikolo Takkdea) antzerkien taula zuzendari izan da besteak beste.

Kantu egilea, konposatu dituen kantu gehienak ezagunak dira gaur egun, zerrenda honetan beren interpretatzaileekin lerrokatuak:

  • Guk: Bedatsian (hitzak eta airea: R. Idiart)
  • Peio ta Pantxoa kantariek emanik: Oriko xoria (Hitzak eta doinua: Roger Idiart); Baionako suprefeta (Hitzak eta doinua: Roger Idiart); Euskal Herriko lur maitia (Hitzak: Roger Idiart-Musika: Mario Gachis, Jean Garin)
  • Xalbador eta Ihidoi: Piarres Larzabal (Hitzak eta airea: Roger Idiart)
  • Kepa Junkerak emanik:  Oriko txoria + Prima eijerra (Hitzak: Roger Idiart-Doinua: Herrikoia + Hitzak eta doinua: Herrikoiak)
  • Pantxika Solorzano: Euskal seme
  • Kantiruki: Laborari euskalduna
  • Nekez Ari: Lehertua den gizona (Hitzak eta airea: Roger Idiart)

Iturriak: Eresbil musikaren euskal artxiboa - Badok.info Euskal kantagintzaren ataria

Azkaingo omenaldiaren afitxa (2014)
Azkaingo omenaldiaren afitxa (2014)

Harremana xiberotarrekin

Azkaindar apeza osoki integratu zen xiberotarren artean, xiberotar euskalkia biziki ongi menperatuz. Tokikoek erakutsi zien beren atxikimendua eta ikustatea 2011ko apirilaren 30ean antolatu omenaldian. Halaber parte hartzen dute Azkaingo herriak apez idazleari eskainiko dion omenaldian, 2014ko abuztuaren 8an eta 9an.